Gaur 07:00etan abiatu dituzte Martxoaren 8ari lotutako protestak Aiaraldean. Zehazki, deialdi feministak bat egin du Tubacex enpresako grebarekin eta eserialdia burutu dute lantegiaren aurrean, inor sartu ez zedin.
07:30ak aldera agertu dira Ertzaintza, greba jarraitzen ez duten langileak eta zuzendaritza. Orduan hasi da poliziaren eta pikete feministaren arteko negoziazio luzea.
Ertzaintzak saiakera egin du emakumezkoek errepidea husteko, baina lantegian aritzen diren bi emakumek egin dituzte ordezkari lanak. Poliziari azaldu diote emakumezko gehienak kaleratuko dituztela, eta ondorioz, ez zeudela prest euren kabuz altxatzeko.
Ertzainek adierazi dute emakumezkoak bidetik ertzeetara eramago zituztela eta salaketa administratiboak egongo zirela. Hala ere, emakumeek euren asmoari eutsi diote.
Azkenean, Ertzaintzak, furgonetetatik jaitsi eta lerroak osatu arren, ez du esku hartu, autobusek uko egin baitiote sartzen saiatzeari.
Geroago, sindikatuek jakinarazi dute zuzendaritzarekin zegoen bilera biharko atzeratu dutela eta emakumeen piketeari egindako lana eskertu diote.
Manifestazioa plazaraino
Ondoren, 11:00ak aldera, manifestazioa egin dute piketera bertaratutako emakume guztiek, lantegiko sarreratik abiatuta, Herriko plazaraino. Nagusien egoitzako langileak, Berriak Supermerkatuko beharginak eta Osakidetzako profesionalak atera dira bidean zehar babesa adierazteko mobilizazioari.
Hitza hartu dute Tubacexeko langileek plazan eta salatu dute enpresak lanpostu prekarioak feminizatu dituela Amurrio eta Laudioko fabriketan eta horregatik, hain zuzen, kaleratzeek eragin handiagoa izango dute emakumezkoei dagokienez.
Manifestazioaren ostean, aurreikusi bezala, Laudioko Udalak adierazpen instituzionala irakurri du.
Arratsaldean, aldiz, Laudio eta Amurrion egingo ditu mobilizazioak Aiaraldeko Mugimendu Feministak, 19:00etan. Eskualdeko gainontzeko herrietan ere hainbat ekimen burutuko dira.
Argazkiak: Txabi Alvarado Bañares eta Aitor Aspuru Saez