Gaur goizean izan da Tubacexeko zuzendaritzaren eta Enpresa Batzordearen arteko azkenaurreko bilera. Bihar dute azken bilera, baina negoziazioa “bukatutzat” eman dute langileen ordezkariek, enpresa ez delako eurek planteatutako konpromisoetako bat bera ere betetzeko prest agertu. “Bihar aktak sinatzera joango gara soilik, ez baldin bada azken uneko ezer gertatzen”, azaldu du Edu Iberniak.
“Hasteko, ez diote uko egiten etorkizunean zerbitzuak kanporatzeari”, azaldu du Enpresa Batzordeko presidenteak, “inbertsioen harira betiko kontua aipatu du zuzendaritzak: erakargarritasunaren arabera izango dira inbertsioak erakartzeko gai. Segurtasun eza erabatekoa da”.
Sindikatuek beste gauza bat ere eskatu zuten: aurrerantzean egongo zen enplegua etorkizunean mantentzera konprometitzea. Baina horri ere ezetz esan dio zuzendaritzak, Iberniak azaldu duenez.
Betoa bi pertsonari gutxienez
Beste kontu batzuk ere aipatu ditu zuzendaritzak bileran. Hala azaldu die Iberniak bilera ostean fabrikaren sarreran bilduta zeuden geinontzeko langileei: “Esan digute 12 pertsona aurkeztu direla aurre-jubilazio planera, eta 12 pertsona baja boluntarioetara. Hala ere, aipatu diguten bigarren plan horretan betoa ezarriko dietela, bi pertsonari gutxienez”. Zuzendaritzak martxoaren 15era arte luzatu du baja boluntarioen planean izena emateko epea.
ELAren oharra
ELAren sail sindikalak antzeko balorazioa egin du bere afiliatuei zabaldutako oharrean, eta grebarekin jarraitu behar dela nabarmendu du: "Batuta jarraitzea dagokigu. Greba arrakastatsua izaten ari da eta ez egitea edo gelditzea akats larria izango litzateke".