DATUAK

Soldata eta dietak handitu ditu Vidralako zuzendaritzak, 1.596.000 euroraino iritsita

Txabi Alvarado Bañares 2021ko mar. 15a, 07:05
Aiala Vidrioko langileek eginiko elkarretaratze baten irudia. / Aiaraldea.eus

2019an baino 361.000 euro gehiago banatu ditu Vidralak Administrazio Kontseiluko kideen artean, 1.596.000 euro guztira. Horrez gain, iragan otsailaren 15ean 23,8 milioi euro banatu zituen akziodunen artean. 

Tubacexeko informazioaz gain , Vidralako zuzendaritzaren soldaten txostena ere plazaratu du Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak (CNMC). Datu horien arabera, beira ekoizten duen Laudioko fabrikako buruek 1.596.000 euro banatu zituzten iaz euren artean, soldata eta dietetan, aurreko urtean baino 361.000 euro gehiago. 90.000 euro baino gehiago jaso zituen Administrazio Kontseiluko kide bakoitzak. Carlos Delclaux Zuluetak -Vidralako presidentea-, aldiz, 690.000 euro jaso zituen guztira. 

Hala ere, kontuan hartu behar da kontseiluko zenbait kide enpresako akziodunak ere badirela. Enpresak 23.885.000 euro banatu zituen guztira akziodunen artean iragan otsailaren 15ean, 0,84 zentimo akzio bakoitzeko.  

Delclaux familia

Eskumako infografiako izenei erreparatuz gero, abizen bat maiz errepikatzen dela ikusi daiteke: Delclaux. Enpresaren gaur egungo presidentearen (Carlos Delclaux Zulueta) aitonak (Isidoro Delclaux) sortu zuen Vidrala. Laudion kokatu zuten lehen lantegia (egun Aiala Vidrio dena), baina urteen poderioz beste hainbat fabrika eraiki eta erosi zituzten, gaur egungo tamainara iritsi arte. Delclaux sendiak 390 milioi euro ditu pilatuta, El Mundo egunkariaren arabera. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide