JULEN REKETA

“Everesteko gailurrera iristea lorpen kolektiboa izan zen, lagundu gintuzten herrikide guztiena”

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko mar. 17a, 08:20
20 urte igaro dira Julen Reketa Everestera igo zenetik. / Aiaraldea.eus

20 urte bete dira JULEN REKETA (Laudio, 1967) mendizale laudioarrak munduko gailurra zapaldu zuenetik. Lorpen kolektibo bezala jo du Everesteko igoera hura. Izan ere, herritar asko aritu ziren espedizioa aurrera ateratzeko lanetan. 

Nola hasi zenuen goi-mendietako ibilbidea?

Nire kasuan 1996an hasi zen altuerako abentura. Urte hartan Felipe Uriarterekin batera goi-mendiko ikastaro bat egitera joan nintzen Pirinioetara, neguan. Feliperen furgonetan Pamir mendikatera egin behar zuten espedizioa babesteko kamiseta batzuk ikusi nituen eta nire arreta deitu zuten. Nik ezagunak nituen urrutiko mendi horiek, Laudioko bi mendizale bertan izan zirelako 1987an eta diapositibak ikusiak nituelako. Joateko gogoa piztu zitzaidan eta horrela adierazi nion Feliperi. 

Felipe Uriarte harritu egin zen. Nik ez neukan ia esperientziarik altuera handitan, ordurako Mont Blanc igota nuen bakarrik, oso gaztetan joan nintzen, 21 urterekin. 1996ko abuztuan, ordea, Pamirrera bidean nengoen.

Pamirrera egin genuen bidaia oso interesgarria izan zen. Egoera politiko oso berezia zegoen 1996an. Izan ere, Sobietar Batasunaren desegiteaz geroztik inguruko errepublikak euren artean borrokan zeuden: Kirgizistan eta Tajikistan kasu. Gerra eremuan barrena egin genuen bidaia, lubakietatik igaroz. Leningradoko agentzia batekin egin genuen bidaia, eta helikopteroz igo ginen 4.400 metrotara zegoen oinarrizko kanpamendura. Altuerak izugarrizko kolpea eman zidan eta oso gaixorik egon nintzen egun luzez. Irunberriko Patxi Goñirekin elkartu nintzen espedizioan, Everesteko espedizioko nire kidea izango zenarekin. Bera ere oso gaixorik egon zen abuztu erdialdera arte. Osatu ginenean Korzhenevskaya (7.105 metro) mendia igo genuen, besteak beste.

Eskarmentu horrekin mendi altuagoen bila joatea erabaki zenuten.

Pamirreko esperientziari esker konprobatu ahal izan genuen gai ginela altuerara egokitzeko eta 7.000 metrotik gorako mendiak zapaltzeko. Patxi Goñirekin harremana estutu eta afizioa elkarri elikatzen jarraitu genuen. 1997an, Felipe Uriarterekin batera, Cordillera Blancara (Peru) joan ginen.

1998an Tin San mendikatera joan ginen, munduan iparralderago dauden zazpimilakoak daude bertan, eta guk Pobeda (7.439 metro) mendia egin nahi genuen. Oso tontor zaila da, haizetsua, eta tenperatura oso baxuak daude bertan. Asko sufritu genuen eta, aurreikuspen guztien aurka, tontorrera iristea lortu genuen. Ikaragarria izan zen!

Noiz egin zenuten jauzi Himalaiako mendietara?

Pobeda mendiak eta Tin Saneko espedizioak inflexio puntu bat ekarri zuten. Oso esperientzia potentea izan zen eta gure gaitasunak demostratu genituen. Urtebete lehenago Berako gazte talde bat ezagutu genuen, 8.000ko bat igotzea begi puntuan zuena, eta beraiekin elkartzea erabaki genuen.

Garai hartan oso pil-pilean zeuden 8.000koak: Al filo de lo imposible telebista programa oso ezagun bilakatu zen, Juanito Oiarzabal 14 gailurrak osatzear zegoen, Iñurrategi anaiak ere erreferentzia oso handia ziren...Sukarra piztu zen munduko mendirik altuenak igotzeko. Gu ere olatu horretara igo ginen. Txikitan 'Everest 80' euskal espedizioko liburua irakurtzen pasatzen genuen eguna, eta orain amets horiek betetzeko aukera geneukan.

Indartsu geunden, eta sekulako motibazioarekin. 1996ko Pamirreko espedizio hartatik hodei baten gainean bezala gindoazen gure garapenean aurrera. Gauzak horrela, 1999an Gasherbrum II (8.035 metro) mendira joan ginen, Karakorum mendilerroan.

“Pobeda mendiak eta Tin Saneko espedizioak inflexio puntu bat ekarri zuten”

Nolakoa izan zen Gasherbrum II-ko esperientzia?

Oso polita izan zen. Mendizale izugarriak ezagutu genituen, indartsuak eta oso bihotz onekoak, gure espedizioan zetorren Oscar Cadiach tartean. Asko ikasi genuen. Gure lehenengo kontaktua zen Karakorum mendilerroarekin eta hitzik gabe geratu ginen. Sekulakoa izan zen K2 eta Broad Peak mendiak ikustea, edota diapositibetatik bakarrik ezagutzen genuen Balti herriarekin egotea.
Gure lehenengo zortzimilakoa egin genuen eta motxila anekdotaz beteta ekarri genuen, baina gure artean galdera bat zen nagusi: “Gasherbrum II igo ostean, orain zer?”

Gasherbrum II ostean zer?

Gure lagun Beratarrek Shishapangma igo nahi zuten hurrengo urtean. Iñurrategik bide ikusgarria egin berria zuen bertan, oso zuzena eta estilo alpinokoa. Patxi Goñi eta biok ez genekien zer egin, eta halako batean Everestera igotzea proposatu zidan Goñik. Everest! Gauza serioa zen hori. Baina determinazioz hartu genuen erronka eta horren bila jarri ginen buru-belarri.
Felipe Uriarteri Everestera gindoazela esan genionean honek eskuak burura igo zituen. Beste abenturaren bat bilatzeko esan zigun. Guk ezetz, oso argi geneukan Everest igo nahi genuela. Segituan jarri zen Felipe Katmandun espedizioko baimen guztiak kudeatzen. Bien bitartean, Euskal Herritik espedizioa prestatzen hasi ginen gu.

Nolakoa izan zen Everestera joateko prestakuntza?

Lan asko egin genuen. Gure lehenengo pausua prestakuntza fisikoa antolatzea izan zen. Horretarako, federazioko mediku zen Ramon Garaterengana jo genuen. Honek esfortzu froga bat egin zigun gure gaitasunak aztertzeko eta entrenamendu saioak prestatu zizkigun. 2000ko uda zen.

Entrenamendua atletismoan zegoen oinarrituta nagusiki. Egunero. Asteburuetan mendira joaten ginen motxila astuna soinean. Oso eraginkorra izan zen, egundoko sasoian geundela nabaritu genezakeen. Abenduan, ordea, lesionatu egin nintzen, eta martxora arte ez nuen osatzerik izan. Baina oinarri oso ona nuen.

Babes ekonomikoa lortzea ere ezinbestekoa zen.

Bai, espedizioak kostu handiak zituen eta, horrez gain, instituzioen babesa ere bilatu genuen proiektuari seriotasuna emateko. Laudioko Udalarekin elkartu ginen lehenbizi gure proiektua aurkezteko asmoz. Felipe eta biok Pablo Gorostiaga alkatearekin eta Agurtzane Iriondorekin, garai hartako kirol eta kultur zinegotziarekin, elkartu ginen. Ilusioz hartu zuten proiektua eta guretzako ere sekulako motibazio txutea izan zen Gorostiagak eta Iriondok eman ziguten harrera ona! Gu babes instituzional bila joan ginen, baina ekonomikoki ere lagundu gintuen udalak. Erakunde horren babesa ezinbesteko urratsa izan zen herriko beste hainbeste eragile espedizioaren antolakuntzara lotzeko. 

Auzolanean atera genuen aurrera proiektua, jende eta enpresa asko azaldu ziren laguntzeko prest: Txosna jarri genuen, kamisetak saldu... Laguntza sare bat sortu zen! Goikogane Mendi Taldeak eta Menidko Lagunek ere ekarpen handia egin zuten. Ni Everestera zihoan herritar soil bat nintzen, eta hunkitu egin nintzen  inguruan bildu zen jende guzti hori ikustean.

Eta iritsi zen Nepalera joateko unea. Nolakoa izan zen hasiera?

Martxoaren 19an abiatu ginela uste dut. Katmandura jo genuen. Gure lehenengo egonaldia zen Nepalen eta txundituta geratu ginen. Hegazkin batek Lukla herrira eraman gintuen eta bertatik oinarri kanpalekura joateko 'trekkinga' abiatu genuen.

Oinarrizko kanpalekura iritsi aurretik zenbait gailur egin genituen aklimatatzeko, Island Peak tartean. Apirila hasieran iritsi ginen Everest mendiaren oinetara.

Espedizio gehiagorekin egin zenuten topo?

Bai, oinarri kanpamenduan mundu osotik etorritako mendizaleak zeuden: estatubatuarrak, alemaniarrak... Edurne Pasaban bertan zegoen, baita Iñaki Otsoa de Olza eta Carlos Soria ere.

Everestera igo behar ziren espedizioez aparte, Lhotse mendia igo behar zuten Al filo de lo imposible telebista programako kideak zeuden bertan, Oscar Cadiach, Alberto Zerain eta Jose Maria Oñate tartean, gure lagunak. 

Beraiekin igaro genuen denbora gehien. Izan ere, Everestek eta Lhotsek bide berdina elkarbanatzen dute 3. kanpalekura arte.

“Everest Mendiaren dimentsioak izugarriak dira, eta bertan egon arte ezin diezu neurria hartu”

Nolakoa da Everesteko igoera?

Mendiaren dimentsioak izugarriak dira, eta bertan egon arte ezin diezu neurria hartu. Oinarri kanpalekua Khumbu glaziarraren goialdean kokatzen da, hori da espedizio guztien abiapuntua. Bertan daude dendarik handienak eta janari eta material biltegiak.

Oinarri kanpalekutik izotzezko ur-jauzia deritzona hasten da. Izotz bloke erraldoiez osatutako bide malkartsu eta aldakorra da, arrakala arriskutsuz betea. Izotz ur-jauziaren gainean, Lhotseren hormaren azpian, 1. kanpamendu aurreratua jarri genuen denda handi batekin. Bertan, gure sherpa taldeko sukaldari eta laguntzaile batzuk geratu ziren, eta hortik hasi genuen aklimatazioa.

3. kanpalekura iristea lorpen polita izan zen. 7.400 metrotara kokatu genuen. Oso leku bitxia da, Lhotseko horman bertan baitago, maldan, isiltasunaren harana deritzonaren gainean.
Hego-lepoan materiala uztea zen gure asmoa, gailurrera igotzeko saiakera egin aurretik

Hego-lepora iristeko lehenengo saiakeran 'banda horiak' izeneko pasagune batean geratu ginen, haizea oso zakar baitzebilen. Denboraren aurka borrokatu behar izan genuen. Hego-lepora iritsi ezinik ginela, oinarrizko kanpalekura jaistea erabaki genuen. Etxera esku-hutsik bueltatuko ginela pentsatu genuen orduan, espedizioaren denbora agortzen ari zelako.

Nola eman zenioten buelta egoerari?

Hego-lepotik itzulita, oinarrizko kanpalekuan patxadaz hausnartzeko tartea izan genuen Patxik eta biok. Ez genion inolaz ere gailurrari uko egin nahi. Eguraldi ona zegoen iragarrita hurrengo bost egunetarako, aukera paregabea zen. Palentziako espedizio bateko kideei telefonoa eskatu eta Felipe Uriarte deitu genuen, bertan geratuko ginela eta bueltako hegaldia atzeratzeko eskatuz.

Nolakoa izan zen gailurrera igotzea?

Oinarrizko kanpalekutik abiatu ginen, maiatzaren 20an. Hirugarren kanpalekura iritsi ginenean gainerako espedizioetako kideak zeuden bertan dagoeneko, igartzen zen eguraldiak su-etena eman behar zuela.

Hego-lepoan igaro genuen gaua. 22:00etan abiatu ginen tontorrera. Nebulosa batean murgilduta ditut orduko oroitzapenak. Dena zegoen lainotuta hego-gailurrera (8.750) iritsi nintzenean, bat-batean haizeak hodeiak eraman zituen eta gailurra ikusi nuen parez pare. Ezin nuen sinetsi, lortuko genuen. Maiatzaren 23an iritsi ginen gora, 9:30ean.

Jaitsiera oso gogorra izan zen. 17:30etan heldu ginen hego-lepora, bertan pasa genuen gaua. 7.500 metrotara jaitsi ginen arte ez nintzen bizirik sentitu. Oso sentsazio arraroa da, ez da mundu erreala hor goikoa. Patxi eta biok igo ginen Everestera, baina lorpena kolektiboa izan zela sentitzen dut, lagundu gintuzten herrikide guztiena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide