BABESTUTAKO EDUKIA

"Latiorroko merkatariak herriko plazatik 2 minutura gaude, ez periferian"

Erredakzioa 2021ko mar. 23a, 07:55
Latiorro Laudioko herrigunean dagoela gogoratu dute. / Aiaraldea.eus

ESTHER LOPEZ, JANA RUBIO eta AZU MOLERO Latiorro auzoko merkatariak dira. Jana ileapaindegiak 10 urte bete ditu Latiorron eta Tapicería Juanek, aldiz, belaunaldi aldaketaren ostean, 20 urte baino gehiago igaro ditu auzunean. Azucenak eta Janak azaldu dute zeintzuk diren euren erronkak nagusiak egun. Izan ere, jendeak uste du periferian daudela euren negozioak, nahiz eta Laudioko herrigunetik oso hurbil kokatu.

Lehenik eta behin, zeintzuk dira zuen negozioen ezaugarri nagusiak?

Jana: Nire kasuan leku askotatik etortzen dira bezeroak; Bilbotik, Amurriotik... Hasieran horrek ezustean harrapatu ninduen. Ileapaindegia ireki baino lehen, nire amarekin lan egiten nuen, bere estetika zentroan, baina erabaki nuen ileapaindegiko lanak erakartzen ninduela gehiago.

Zentzu horretan, arraroa egiten zait beste herrietako jendea Latiorrora etortzea eta, aldiz, Laudiokoek tunela ez igarotzea. Ez dakit zein den arazoa, suposatzen dut trenbidea oztopo arkitektoniko handia dela.

Azu: Gure tapizeria ez da industriala. Ez dugu dena abiadura bizian egiten, edozein moduan. Hemen ez du edozerk balio. Bezeroarekin adosten dugu nola nahi duen, detaileak landuta, berak gogoko duen moduan. Oso lan berezia egiten dugu. Nire kasuan ere, Getxoko, Bilboko, Gasteizko edo Aiarako bezeroak ditut.

Kanpoko jendea erakartzen duzue, zein da zuen balio erantsia?

Azu: Guk aholkua eskaintzen diogu bezeroari. Berak bere ideiarekin dator eta guk proposamenak egiten ditugu, gidatzeko eta ikusteko noraino heldu gaitezkeen. Lan esklusiboa da eta pertsona bakoitzarekin ezberdina.

Horri gehitu behar zaio Basauritik Laudiora ez dagoela tapizeria gehiagorik eta nire aitak urte luzez lan egin zuela. Ondorioz, bezero ugari izan zituen. Oso ezaguna da, hau artisautza da eta zerbait modernoa edo tradiziozkoa egin dezakegu.

Jana: Nire kasuan jendea hurbiltzen da koloreekin egindako lan bereziren bat ikusi duelako. Edo ikusi dutelako ilea jasotzeko modu bereziren bat, eta ez betiko moño rococoa, ezkontza batera joateko.

"Badirudi Laudion badagoela jendea inoiz ez dena etorri Latiorrora"

Ez da bitxia kanpoko jendea gehiago etortzea Latiorrora, Laudiokoa baino?

Jana: Bai, badirudi Laudion badagoela jendea inoiz ez dena etorri Latiorrora. Harritzekoa da batzuek ibaiaren beste aldetik ikusten dena ezagutzea bakarrik, auzuneari dagokionez.

Azu: Bai. Adibidez, pagotxen merkatuan jende askok egiten digu eskaera zuzenean, eta aipatzen dute: "haraino ez joatearren". Latiorro Herriko plazatik 3 minutura dago, motel ibilita. Trenbidea azpitik igarotzen den tunela zeharkatu behar da, besterik ez. Jendearen buruan badirudi mendira igo behar direla.

Esan dezakegu Latiorro dela auzorik ezezagunena Laudion, nahiz eta jendetsuenetakoa izan?

Azu: Bai, erabat. Gainera, inork ez du ezer egiten sustatzeko edo balioan jartzeko. Dena egiten da herrigunean eta, adibidez, gure denda dagoen kalea da gehien ikusten dena kanpotik eta ia ez dago argirik, supermerkatua eta tapizeria egon arren. Beste adibide bat da lehiaketetan gertatzen dena. Latiorro periferia moduan markatzen dute.

Jana: Hori oso bitxia da. Areta edo Gardea periferia moduan definitzea, ibili behar duzulako, ulertu dezaket, baina Latiorro?

Azu: Horrez gain, aintzat hartu beharra dago jende askok hemen aparkatzen duela. Edonola ere, inork ez du barneratzen hemen ere negozioak daudela. Hori da erakundeek ere ematen duten irudia, nahiz eta elikagai dendak, farmazia edota tabernak ere egon.

"Jende askok aparkatzen du Latiorron, baina ez du barneratzen hemen negozioak daudela"

Egun jendeak asko erabiltzen du Internet zenbait zerbitzu edo produktu eskuratzeko, baina zuen kasuan harreman zuzena ezinbestekoa da, ezin da ordezkatu.

Azu: Bai, baina nire kasuan eskatzen didate maiz Interneten ikusitako zerbait.

Jana: Ileapaindegian gauza bera gertatzen da, sarean ikusi dutena nahi dute. Egia da nik sare sozialak gutxi erabiltzen ditudala denbora gutxi dudalako, baina askotan bertan erakusten duzuna nahi du gero bezeroak.

Azu: Ni saiatzen naiz ateratzen astero tartetxo bat zerbait argitaratzeko. Izan ere, badirudi jende gazteak ikusten duela eta ez dela antzinako oihal motetan geratu. Berez, tapizeria aipatzen duzunean, askok pentsatzen dute sky-ko sofa horietan, baina lan mota ugari egin daitezke, koloretsuak eta oihal ezberdinekin.

Zerk lagundu dezake auzoa biziberritzeko?

Jana: Hasteko, ekintzak antolatzen direnean, ibaiaren alde honetan ere egin beharko lirateke.

Azu: Hori da nik aspaldi dudan borroka. Adibidez, ez dago ezta seinale bat bera ere jakinarazteko auzoan merkatariak daudela. Hemen bizitza dago.

Jana: Bitartean, sare sozialetan Facebooken eta Instagramen topatu gaitzake jendeak; @janaileapaindegia eta @TapiceriaJuanLaudio

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide