Kutxa Bira abiatu da Argentinan eta apirilaren 29an iritsiko da Laudiora

Txabi Alvarado Bañares 2021ko mar. 20a, 17:48

Herriz herri joango den kutxa bat izango da ekimenaren protagonista. / Argia.eus

Lan-talde bat ari da lanean herrian, ekimenari ongi-etorria egiteko egitaraua prestatzen. 

Gaur abiatu da Kutxa Bira egitasmoa, Argentinan, Viedmako Aberri Etxea euskal etxean. Iparra Hegoa elkarteak antolatu du ekimen ibiltaria.  

Diasporako hainbat gune bisitatuko ditu egitasmoak, eta apirilaren 8an iritsiko da Euskal Herrira. Herriz herri egingo du salto Kutxa Birak, maiatzaren 30ra arte. 

Egurrezko kutxa bat izango da ekimenaren protagonista. Herri bakoitzak mezu bat sartu beharko du kutxaren barruan. Modu horretan, Euskal Herri osoko aldarriak bilduko dituzte. Mezu orokor bat ere egongo da kutxaren barruan, Amets Arzallus bertsolariak idatzitakoa. Mezu guztiak irakurriko dituzte azken egunean egingo dute ekitaldian. 

Apirilaren 29an Laudion

Apirilaren 29an bisitatuko du ekimenak Aiaraldea, Laudiora iritsita. Herrian lan-talde bat osatu da egun horri begirako egitaraua osatzeko eta aurrerago emango dute antolatuko dituzten jardueren berri. 

Aurten egingo dute Kutxa Biraren lehen edizioa eta, ahal dela, azkena izatea espero dute, Iparra Hegoa elkarteko kideek zehaztu dutenez. Izan ere, pandemiaren ondorioz egin izan ez diren beste ekimen batzuk behin behinean ordezkatzea da ekimenaren xedea. “Korrika, Herri Urrats, Durangoko Azoka, Nafarroaren Eguna eta halako festak ez egiteak kalte emozionalak eta nortasun kalteak eragin dizkigu, eta horren ondorioa da Kutxa bira”, azaldu du Pello Arazabalek, Iparra Hegoako kideak. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide