Maskararen azpiko karmina kontakizuna plazaratu dute Piszifaktoria taldeko kideek, Loraldia 2021 jaialdiaren barruan. Ezohiko sorkuntza lana da, audiogida formatuan plazaratu baitute, Bilbotik paseatu bitartean entzuteko. Mikel Ayllon arduratu da gidoia sortzeaz, Igor Arzuaga soinu banda konposatzeaz eta Irati Agirreazkuenega soinu-giroa osatzeaz. Ayllon eta Agirreazkuenegaren ahotsak entzungo ditu entzuleak narrazioan zehar.
Jaialdiaren webgunean dago audiogida, mugikorrera jaitsi eta entzungailu edo aurikularrekin entzun ahal izateko. Martxoaren 28ra arte egongo da lana eskura.
Errealitatearen “bertsio areagotua”
Arriaga Antzokiko plazatik abiatu eta Isozaki dorreetan amaituko dute ibilaldia entzuleek. “Gidaren argibideei esker, erabiltzailea Bilboko hainbat espaziotan ibiliko da, baina ez du hiria turista baten lekutik ezagutuko”, azaldu dute lanaren egileek, “horren ordez, fikziozko Bilbo batekin eta berarekin batera paseatuko diren pertsonaiekin egingo du topo entzuleak: Georgette Berger, Oteiza, Bilboko etxe-orratzik altuena, gorpu zatiak ibaian, René Magritte, bitxilorez betetako belardiak...”.
Ahotsa, musika eta soinu efektuak izango ditu entzuleak bidelagun eta, modu horretan, unean une bizi duen errealitatearen “bertsio areagotua” jasoko du, Piszifaktoriako kideen esanetan.
Pandemia garairako berariaz sortutako lana da Maskararen azpiko karmina, sortzaileek nabarmendu dutenez. “Gaur egun, ia-ia etengabe ari gara kaletik ikusten ditugun pertsonen aurpegiak asmatzen, maskaren azpian ezkutatuta ditugulako sudurrak, masailak, ahoak, kokotsak. Asmatu egin behar dugu zer dagoen maskara horien azpian. Norenak dira begi izutu horiek? Nora begira daude?”.