Omniak mozioa aurkeztu du martxoko udalbatzan txakurrentzako aisialdi guneak eskatzeko. Zehazki, talde independenteak nahi du parte hartzerako prozesua abiatzea herriko animalien jabeekin, maskotek sozializatzeko eta aske ibiltzeko espazio gehiago izan ditzaten.
Lehen urratsa planifikazioa izango litzateke. Bigarrena, aldiz, talde politiko eta tekniko batek kokapen onenak bilatzea. Hirugarren pausoan herrigunean egokituko litzatekeen guneari lehentasuna ematea aldarrikatzen du Omniak eta, azkenik, toki horien mapa zabaltzea herritarren artean.
Omniaren ustez, araudiak betebehar ugari exijitzen ditu eta, ondorioz, jabeen beharrei ere erantzun beharra dago, zerbitzu gehiagoren bidez. Horien artean dago aisialdi toki gehiago eskaintzea: "txakurrentzat funtsezkoa da korrika eta ariketa fisikoa egitea. Horrek euren estresa murrizten du eta txakur lasaiago eta orekatuetan islatzen da".