EH Bilduk 10 urte bete berri ditu eta erakusketa ibiltaria sortu du horretarako. Laudiora heldu da gaur eta arratsaldeko 19:00ak arte egongo da ikusgai. Araban amaituko du ibilbidea eta hori dela medio, koalizioak bi kongresukide ekarri ditu Laudiora: Oskar Matute eta Iñaki Ruiz de Pinedo.
Lamia Arkasek aurkeztuta, Oskar Matutek azaldu du EH Bilduren helburua dela herritarren bizi baldintzak hobetzea: "bereziki klase apalena". Zentzu horretan, goraipatu du Tubacex enpresako langileek abiatu duten greba eta gehitu du: "Eskualde hau argi izpia da guztiontzat, borroka eredua baita".
Aiaraldea Hedabideak galdetuta, Oskar Matutek iragarri du Tubacexeko grebalariei babesa erakustera etorriko dela berriro eskualdera.
Bide batez, EH Bilduk gogoratu du bere 10. urteurrena dela medio, dokumentala egin duela eta Laudion apirilaren 16an ikusgai egongo dela.