SOSLAIA

Jose Oruetaren omenez

Zuon auzokideak 2021ko api. 17a, 09:55

Jose Luis Orueta aste honetan zendu da. / Orueta familia

Jose laguna, lasai! Gabonetako turroiak eta abar zuretzat egiten zituena, gure arreba, otoi egiten egon da luzaro, gaixo egon zaren bitartean. Arrebak maiz errepikatu du: "Jose pertsona ona izan da eta ez dio inori kalterik egin".

Zure inguruko besteok ere argi nahi dizugu esan: "Jose, zu ezagutzea bizitza honek eman digun plazer handi-handia izan da".

Otxorreta, Atxandita inguruetan ardietara edo beste zereginetara joatean zure parera hurbildu nahi genuen eta ezin, gu gazteagoak izan arren. Guk abiadura handitzean ez genuen denbora murriztea lortzen, alderantziz, zure eta gure arteko distantzia handitzen zen, espero genuenaren kontrako efektua lortuz.

Igandetan etxekoren batek esan zuen:

-Gaur Villosak etxean jokatzen du.

-Zergatik dakizu?

-Jose badoa oinez partidara eta!

Hurrengo egunean, zugana joaten ginen berrien bila.

-Son unos mataos- esaten zenuen galduz gero.

Hildako horiek berberak berpiztu eta hurrengo partida irabaztean…

-Aurten baietz mailaz igo Villosak - esaten zenuen irriño batekin.

Luze bizi izan zara, Jose, 93 urte. Beti oinez pauso arinean edo korrika mugituz hona eta hara. Zure energia autonomoa erabili duzu gure planetaren errekurtsoak alferrik agortu barik. Benetako bizitza ekologikoa eta iraunkorra bizi izan duzuna eta, gainera, poz-pozik.

Lusurbeilanda baserrian jaio, bizi eta hil nahi izan duzu eta baita lortu ere. Zorionak Jose! Balentin Orueta eta Segunda Etxebarriaren seme baserritar zintzo eta zuzena. Jende askoren gogoan gelditzen zara, Jose.

Jose Luis Orueta Etxebarria, hil berri den laudioar laguna, maitasunez eta miresmenez gura dugu gogoratu berba xume hauen bitartez.

Andoni, Josu, Gurutze, Ainhoa eta Unax, beti aurrera eta gora bihotzak!

Zuon auzokideak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide