Noiz hasi zineten programa hau garatzen?
Sara Goyenetxe: Iaz hasi ginen “Mundua eskolan” izeneko programa egiten. Proiektu pilotua da, hiru ikastetxetan egin genuen 2020an, eta aurten seitan egongo gara. Garapenerako Lankidetzako Agentziaren proposamena da, Hezkuntza Sailaren eta Giza-eskubideen Sailarekin batera eginikoa. Gu ari gara proposamena eskoletara eramaten eta sustatzen, hitzarmen baten bitartez.
Proposamena pedagogikoa da, diskriminazioa eta arrazakeria saihesteko. Bestetik, aniztasuna, elkartasuna eta enpatia sustatu nahi ditugu.
Zertan datza, zehazki, egin duzuena?
S.G.: Proposamena pedagogikoak ikasle zein irakasleekin lan egiten du. Ikasleek bizipen edo lekukotza entzuten dute lehen saioan, eta entzundakoaz hausnartzen dute bigarrenean, enpatia bultzatzeko. Lehenengo saioan Bouchraren istorioa ezagutzen dute eta galderak egiten dizkiote, eta bigarren saioan Bouchraren azalean jartzen dira, galdera batzuk planteatuta.
Gure herri eta auzoetan zer nolako aniztasuna dagoen ikustea da helburua, erralitatea anitza dela eta garrantzitsua dela jakitea beste toki batzuetako pertsonekin bizi garela eta zein garrantzitsua den elkartasuna sustatzea.
Zure bizitzako zein pasarte kontatzen dituzu ikasgeletan, Bouchra?
Bouchra El Baghdadi: Nire historia kontatzen diet ikasleei. Non jaio naizen aipatzen dut, leku ezberdinetan bizi izan naizela... ez nintzen hona zuzenean etorri. Aita etorri zen lehenbizi, duela urte asko. Ama etorri zen gero, eta neba eta biok Marokon geratu ginen. Bidaia, etorrera nolakoa izan zen, institutura joatea, nire esperientzia DBHn, hezkuntzan izandako zailtasunak... hori guztia kontatzen dut. Kostatu zitzaidan integratzea, adin horretan jende guztiak duelako jada koadrila osatuta. Gaur egungo nire egoera eta sentimenduak ere kontatzen dizkiet ikasleei.
Zer moduz joan dira Laudio BHI Institutuan egin dituzuen saioak?
B.E.: Ondo. Lehen zatian nire historia kontatu dut eta galderak egiten dituzte gero eurek.
S.G.: Nik uste ikasleak harrituta geratzen direla Bouchraren erronka handiena DBHn izan zela entzuten dutenean, zer nolako zailtasunak topatu zituen klasean integratzeko. Une horretan ikusten dute euren inguruan beste jatorri batzuetako pertsonak daudela.
“Horrelako proposamenak Hezkuntza Sailaren curriculumean sartzea izan beharko litzateke helburua”
B.E.: Geletako batean aipatu digute badaudela gazte batzuk etorri berriak direnak. Agian gazte horiek ez dira ausartzen gauzak kontatzera, baina ezberdina da zure aurrean beste pertsona bat ikusten baduzu prozesu bera bizi izan duena eta hori kontatzen ari dena.
Zer galdetzen dute ikasleek?
S.G.: Arrazakeriari buruz beti galdetzen dute zer edo zer. Ea Bouchrak arrazakeriarik bizi izan duen eta abar.
B.E.: Kulturari buruz ere galdetzen dute: Musulmana zaren edo ez, ramadana egiten duzun edo ez... Etorkinen egoera administratiboari buruz ere galdetu dute askok, zer behar den hemen legalki bizitzeko.
S.G.: Klaseetan gaudenean nabaritzen da ikasleek badutela gaian interesa. Marleen izeneko emakume nikaraguar batekin ere joan ohi gara klaseetara, eta nabaritzen da ikasleek badutela bere bizipenekiko interesa.
Irakasleekin ere saio bat egiten duzue gero.
S.G.: Bai. Irakasleek testu bat irakurri eta lankidetzarekin zerikusia duen pertsona baten lekukotza entzuten dute, elkartasunari buruzko gogoeta egiteko.
Horrelako proposamenak Hezkuntza Sailaren curriculumean sartzea izan beharko litzateke helburua. Gure helburua da eskoletan enpatia, pentsamendu kritikoa eta elkartasuna sustatzea, eta horretarako hau proposamen egokia dela uste dugu. Gure herri eta auzoetan zer gertatzen den ikusi eta elkartasuna erdigunean jartzeko.
Aurtengoa urte gogorra izan da Garapenerako eta Gobernuz Kanpoko Erakundeentzako, koronabirusa dela eta. Lan handia egin dugu alor horretan, lankidetzaren bitartez.
Ez dago errezeta magikorik, baina lankidetza funtsezko tresna da, arazoa globala denez, erantzunak ere globala izan behar duelako. Proiektu batzuk eten ditugu COVID-19aren aurkako egitasmoetan zentratzeko. Protagonismo handia hartu du lankidetzak. Euskal Herrian ez dugu oso argi noiz egingo den txertaketa, baina herrialde batzuetan 2023. urtean iritsiko dira txertoak. Ikusita zer nolako konexioak ditugun mundu globalizatu honetan, beharrezkoa da ekintza globalak egitea.