Billal Ben Yechou gazte laudioarra Euskadiko K-1 Txapelketan lehiatu zen larunbatean. Bere lehen borrokaldi ofiziala izan zen eta txapeldunordea izatea lortu zuen.
91 kilo azpiko kategorian eman zuen izena Hajime Klubeko gazteak eta Julen Igual Neko Gymeko kirolaria izan zuen aurrean. Asier Arza entrenatzaileak adierazi du aurreikuspen guztiak bete zituela Billalek eta oso ondo egin zuela ringean: "Puntuetan galdu zuen esperientzia eta beso- eta hanka-zabalera handiagoko arerio baten aurka".
Prestatzaileak azaldu du lehen rounda Julenek irabazi zuela, bigarrena berdindua izan zela eta hirugarrenean Algortako lehiakideak aukera gabe utzi zuela Billalek. Arzak zoriondu du Julen Igual kiroltasunez jokatzeagatik eta Billal Ben Yechouren jarrera goraipatu du: "Amore ez emateagatik arerioak maila hobea izan arren eta bere portaeragatik borroka baino lehen eta ostean. Beti indartsu eta umil".