2019ko martxoan ekin zion Kirikiño Atseden Taldeak baratza bat atontzeko proiektuari. Laudioko baratza publikoetan eskuratutako lursail batean abiatu zuten egitasmoa, eta bi urteko epean hirukoiztu egin dute ia proiektuaren hedadura.
Auzolanean eraikitako baratza da Kirikiñorena "herritarren arteko sareak eta komunitatea eratzen jarraitzea" helburu duena.
Haurren neurrira
Auzolanean eraikia izateaz gain, haurren neurrira egina ere bada. Baratzaren azpiegituraren barruan jolas-parkea ere altxatu baitute. Haurrak izan dira jolas-parkearen diseinuaz arduratu direnak, behar desberdinei erantzuteko. Material birziklatuak erabili dituzte horretarako, eta uda sasoirako egongo da erabilgarri.
Landare truke azoka
2019an hasitako elikadura proiektuarekin aurrera jarraituz apirilaren 25ean landare truke azoka egingo dute. Haur, gazte eta helduentzako jarduera izango da. Parte hartzeko interesa duen orok partekatu nahi dituen landareak eramatea besterik ez du. Eguna borobiltzeko, zianotipia tailerra eta ipuin kontalaria egingo dituzte.
Uda sasoia baratzean
Udan ortuan lan egin nahi duen herritar orori parez pare zabalduko dizkiote baratzeko ateak. Horretarako,hainbat asanblada antolatuko dituzte, baita lan egunak ere: maiatzaren 23an eta ekainaren 6an.