INES LARESGOITI

“Mexikoko kultura oso estetikoa da, horrek marrazkilari bezala lagundu nau”

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko api. 25a, 11:40
Mexiko Hiriko Roma auzoan bizi da Ines Laresgoiti.

Duela zazpi urte iritsi zen INES LARESGOITI (Laudio, 1987) Mexiko hirira. Aurretik Amerikako Estatu Batuetan eta Madrilen ere bizi izan da. Bere egonaldiaren nondik norakoak azaldu dizkio Aiaraldea Hedabideari.

Noiz eta zergatik joan zinen Mexikora?

Mexikora lan bila etorri nintzen. Madrilen karrera amaitu  ondoren, San Frantziskon (AEB) egon nintzen bolada batez, eta garai hartan Espainian lanik ez zegoenez Mexikora joatea erabaki nuen, familia neukan bertan eta saiatu egin nintzen hemen zerbait topatzen. San Frantziskotik etxerako hegaldia atzeratu eta hiru hilabete Mikel lehengusuaren etxean igarotzea zen hasierako asmoa.

Maleta Kalifornian utzi nuen, lagun baten etxean, eta motxila batekin etorri nintzen soilik. Hiru hilabeteak zazpi urte bilakatu dira momentuz. Real Estaten lortu dut lana, aeronautikarekin zerikusirik ez duena, baina izugarri gustatzen zaidana. Eta oraintxe bertan Garapeneko zuzendaria naiz Estatu Batuetako inbertsio funts batean, bulego eraikin bat egiten ari naiz Polancon, goi mailako auzo bat hiriko erdigunean.

Mexiko hirian bizi zara, non zehazki?

Roma kolonian bizi naiz, Alfonso Cuarón zuzendariaren pelikulagatik da ezaguna auzoa. Oso auzo bizia da, hiriko giro bohemioaren erdigunea.

Ilustrazioa duzu gogoko.Aurkitu duzu Mexikon zaletasun hori kanalizatzeko modua?

Bai. Mexiko oso herrialde estetikoa da, eta sentiberatasun handia jartzen dute aspektu horretan. Horrek asko lagundu du nire marrazkilari alorraren garapenean.

Fanzineak egiten hasi nintzen eta denda batean saltzen ditut nire kamiseten diseinuak. Forbes aldizkarian ere argitaratu ditut nire ilustrazioak. Duela hilabete batzuk Mare Advertencia Lírika rap abeslariaren single berriaren portadarako margolana egin nuen, zer nolako emakume puska!

Oso desberdinak dira Mexikoko gizartea eta euskal gizartea?

Desberdintasun  sozialak askoz nabariagoak dira Mexikon. Klase oso baxuak eta klase oso altuak daude.

Matxismoa ere gaitz estruktural oso larria da Mexikon. Basakeria bat da hemen jasotzen diren feminizidio kopurua: egunero 10 emakume erailtzen ditu matxismoak. Gizartean oso sarkorra den gaia da, askotan infantilizatzen da emakumea.

Nola bizi izan duzue COVID-19ak eragindako pandemia bertan?

Beste herrialde batzuetan baino neurri murriztaile gutxiago egon dira orokorrean. Pobrezia maila altua da, eta jende guzti hori egunean bizi da, kalera atera behar da bizirauteko. Baina orokorrean jendea oso kontzientziatuta dago osasun neurriak errespetatzerako orduan.

Euskal Herrira itzultzeko asmoa daukazu?

Noski! Oso pozik nago Mexikon, baina noizbait Laudiora itzuliko naiz, faltan botatzen ditut mendi lainotsuak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide