Tubacexeko grebalariak babesteko egindako bigarren zozketaren sari banaketa egin dute gaur Babes Zibileko kideek. Martxoan jarri zuten lehenengo zozketa abian eta, izandako arrakasta ikusirik, bigarrena antolatu zuten.
Apirilaren 17an egin zuten zozketa, eta irabazleak 3 loteria dezimo eta hainbat produktuz osatutako saskia irabazi du. Sari banaketa Tubacexen bertan egin dute, zenbaki sariduna Laurak tabernan saldu baitzen. Saria Tubacexeko langile baten senideei egokitu zaie.
Babes Zibileko kideek 2.000 txartel saldu dituzte guztira. Bildutako diru guztia beharginek antolatutako erresistentzia kutxara bideratuko dute.