Roberto Fraile Burkina Fason hildako kazetaria jatorriz laudioarra zela aldarrikatu dute bere herriko lagunek

Aitor Aspuru Saez 2021ko api. 28a, 14:49

Jatorriz laudioarra zen Roberto Fraile. / Argia.eus eta Donostia Kultura

Burkinan eraildako Roberto Fraile kameralaria Laudion bizi izan zen bere bizitzako lehen urteetan. Horrela gogoratu dute bere lagunek.

Atzo jakin izan zen Roberto Fraile kameralaria eta David Beriain kazetaria hil zituztela, isileko ehizari buruzko dokumentala grabatzen ari zirenean Burkina Fason.

Hainbat hedabideetan adierazi dute Roberto Fraile Barakaldokoa zela, baina Aiaraldea Hedabidearekin hitz egin duen lagun batek argitu du laudioarra zela jatorriz: " 9 urte izan arte Laudion bizi izan zen, Latiorro auzunean. Gero, ordea, bere aitak lan eskaintza jaso zuen eta LIP enpresa utzi ostean, Valladolidera joan zen familia".

Izan ere, Roberto Fraileren aita Bejar udalerrian jaio zen eta Laudiora etorri zen ogibideak ekarrita. Fraileren ama ere etorkina zen, Leongoa, hain zuzen, hainbat laudioar bezala.

Konpromisoa lanarekin

Bere lagunek azaldu diote Aiaraldea Hedabideari kolpe izugarria izan dela Roberto Fraileren erailketa, baina ez diela guztiz ezustean harrapatu: "Konpromiso handia zuen bere lanarekin eta arriskutsua zen egiten zuena".

Esaterako, bere adiskideak oroitu du Siriako gerran egon zenean, Alepon zauritua izan zela eta nekez lortu zutela ihes egitea. Hala ere, azpimarratu du Frailek inoiz ez zuela protagonismoa bilatu eta ez zuela ospea ezta ezaguna izatea ere bilatu.

Laudioarra jatorriz, kanpoan bizitza gehiena

Esan bezala, Roberto Frailek atzean utzi zuen Laudio umea zenean eta gero Valladolidera jo zuen. Ondoren Salamanca izan zen bere etxea, non familia izan zuen.

Berez, Fraile kirol ekitaldien ekoizlea zen Gaztela eta Leonen, baina oporrak hartzen zituenean bestelako proiektuak abiatzen zituen. "Adibidez, Kolonbian igaro zituen opor batzuk", gogoratu du bere lagunak.

Herrian hainbat lagun

Bere adiskideek nabarmendu dute jende ugari ezagutzen zuela Laudion, nahiz eta bizitza dela medio, herrira aspaldi etorri ez. Ordea, ez zuen guztiz eten harremana, bere gurasoek astero izaten baitituzte berriak udalerriari buruz ezagunen bitartez: "Gaztea zenean maizago bertaratzen zen, bereziki, Laudioko Jaietara. Gogoko zituen txupinazoa edota odoloste eguna. Ez dakit bere burua euskalduntzat jotzen zuen, baina bai laudioartzat".

Bere izaerari buruz galdetuta, bere lagunek honakoa aipatu dute: "Orain jende askok esaten du oso pertsona serioa dela, baina ez zen horrela. Serioa zen bere lanean, baina bestela oso dibertigarria zen".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide