Udaltzain batek lepotik heldu zuela salatu du herritar batek, ustez pegatina bat jartzeagatik, eta udalak esan du hori gezurra dela

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko mai. 16a, 07:00

Gertakaria salatu duen herritarra udaltzainekin eztabaidatzen Zumalakarregi etorbidean. / Aiaraldea.eus

Apirilaren 22an jazo zen gertakaria. Herritar batek salatu du Bizkaia Aparkalekuan zegoenean, udaltzain batek lepotik heldu eta giltza eginda menderatzen saiatu zela, pegatina bat jartzeaz akusatuta. Gaiaz galdetuta, bestelako bertsioa eman du udalak, herritarrak esandakoa gezurra dela argudiatuta. 

Eskualdeko herritar batek salatu du iragan apirilaren 22an Laudioko udaltzain batek lepotik heldu eta menderatzen saiatu zela, borroka kiroletako giltza baliatuta: "Ez zidan ezer esan, ez geldirik egoteko, ez ezer. Bat-batean, atzetik agertu eta lepotik heldu ninduen. Ihes egin nuen eta eskuetatik heltzen saiatu zenean, berriro eskapatu nintzen eta eskatu nion lasaitzeko".

Antza, poliziarentzat iraingarria zen pegatina bat jartzea leporatu zion udaltzainak herritarrari. "Komisaldegira joango ginela esan zidan eta berarekin eztabaidatzen saiatu nintzen, baina polizia oso urduri zegoen, eskua altxatu eta isiltzeko ohiukatu zidan. Inguruetan zegoen jendea harrituta geratu zen".

Hori guztia Bizkaia Aparkalekuan gertatu zen, Lamuza Parkearen eta Zumalakarregi etorbidearen artean. Bertatik jaitsi eta gero, herritarrak eta udaltzainak beste bi poliziarekin egin zuten topo eta azaldu zioten pertsona batek salatu zuela pegatina kalean eransteagatik. Bere datuak hartu eta ikertuko zutela jakinarazi zioten. 

Herritarrak nabarmendu du "guztiz neurrigabea dela norbait lepotik heltzea pegatina bat dela medio". Halaber, herritarrak adierazi du udaltzainei gertatutakoa han bertan argitzeko eskatu ziela: "Nik bi aldiz esan nien nire arropa miatzeko, ikus zezaten ez nuela inolako pegatinarik, baina ez zuten nahi izan".

Udalaren adierazpenak

Udalak oso bestelako bertsioa eman du gertatutakoaren inguruan. Tokiko erakundearen arabera, Juanje Merchan zinegotzia izan zen herritarrari arreta deitu ziona pegatinak jartzeagatik, eta honek irainka erantzun zion. Orduan jo zuen ordezkari politikoak poliziarengana. "Gertatutako segurtasun kamarek grabatu zuten, eta ez da egia udaltzain batek lepotik heldu ziola". Herritarrak identifikatzeari uko egin ziola eta jarrera arbuiagarria izan zuela nabarmendu du udalak. 

Isunak

Tokiko erakundeak baieztatu du herritarrari bi isun jarri zizkiotela, orozkoarra zelako. "Alarma egoeran probintziaz aldatzeagatik jarri zitzaion zigorretako bat, eta Laudiora eremu gorrian egonda sartzeagatik bestea". Horrez gain, udalak jakinarazi du balitekeela beste isun bat ere jasotzea, pegatinak jartzerako orduan udalerrian indarrean dagoen garbiketa ordenantza urratu zuelako. 

Pegatina

Antza, herritarrari egotzi zioten udaltzaingoaren kontrako pegatina eranstea. Zehazki, Gasteizko Cosmic Tentacles Studioaren diseinua da pegatina horren jatorria, Arabako hiriburuko udalak salatutakoa:

Norbaitek irudia moldatu, Laudioko Udalaren armarria txertatu, eta pegatinak sortu ditu Laudion:

Udalak aipatu du Udaltzainak nahiko gogaituta daudela pegatina horren agerpenagatik. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide