Laudioko Kulturaren Plan Estrategikoaren diseinu prozesua salatu du EH Bildu udal taldeak

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko api. 30a, 14:38
Laudioko Kultura Plan Estrategikoaren bilera. / Laudioko Udala

Kultur Plana diseinatzeko deitutako topaketa kritikatu du koalizioak, aurretik egindako lan guztia aintzat hartzen ez duela argudiatuta.

Udal Gobernuak Laudioko Kultura Plana diseinatzeko "ustekabean" deitutako topaketa salatu du EH Bilduk. Plan estrategikoaren diseinuari aurkakotasuna adierazi dio horrela koalizio abertzaleak, aurreko urteetan herriko eragileekin batera egindako lana aintzat hartzen ez dela argudiatuta.

“Udalaren gardentasun eza agerian geratu da Kultura planaren diseinuan, eta prozedurari buruzko nondik norakoak argitzea eskatzen dugu”, adierazi du Nagore Gomara bozeramaileak.

EH Bilduk gogorarazi du 2020ko aurrekontuetan 35.000 euroko partida bat jaso zela egitasmo hori aurrera eramateko. Partida hori exekutatu gabe geratu zen eta ez da 2021eko aurrekontuetan sartu, "gobernu taldeak berak emandako hitza ez betetzeagatik" .

Prozesu parte hartzailea

Koalizioak Udal Gobernuari gogorarazi dio gaiari heltzeko prozesu parte hartzailea 2016an hasi zela, SOS Lamuza Parkea Plataformarekin egindako topaketan eta Laudioko Kultur Ekosistemaren Mapaketan. "Udalaren webgunean eskuragarri dago mapaketaren txostena. Gure ustez, egokiagoa litzateke hasitako aurre-lanketa hori oinarritzat hartuta gaur eguneko lanari jarraipena ematea, eta ez behin eta berriro gauza bera errepikatzea eta hutsetik hastea”, ohartarazi du Gomarak.

EAJ eta PSE alderdiek osatutako gobernuari leporatu diote ere Kultur Kontseilua deitu ez izana. "Kultur Kontseiluaren lehenengo bilera batean jaso ziren kulturgintzaren eremuaren, laudioar eragile kulturalen eta pertsona partikularren behar nagusiak", defendatu du EH Bilduk, “ez gaude kultura plana osatzearen kontra, baina diru publikoa den heinean, uste dugu laudioarrekiko errespetuz eta batez ere, aurreko prozesuetan parte hartu izan dutenen begirunez egin behar dela; lan horiek administrazioak bete beharreko urratsak eginez gara daitezen eskatzen dugu, eta EAJ-PSE gobernu taldeak horrenbeste saltzen duen gardentasunarekin eta dagokion espedientearekin”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide