30 urte beteko dira gaur Marisol Mujika Iraultza talde armatuko ekintzailea hil zenetik. Rosa Diez eta Jesus Fernandez taldekideekin zendu zen Sestaon, INEMeko egoitza batean lehergailua jartzear zeudelarik. Izan ere, apirilaren 30a "Sabotajearen nazioarteko eguna" da eta erakunde armatuak ekintza gehiago antolatu zituen.
Laudion bizitokia
Mujikaren heriotza gertatu zenean, Laudion bizitzen ari zen bere familiarekin eta Okondon negutegiak zituzten. Gertakariak herriko talde ezkertiar guztien batura ekarri zuen. Jaime Espeso bere bikotekideak horrela gogoratu du: "Laudion zein Bilbon ezkerreko taldeek baturik aldarrikatu zuten Marisol. Ez zen egon inolako sektarismorik. Hori ondo egon zen".
Herri mugimenduetako militantea
Gerora jakin zen Mujika Iraultza taldeko kidea zela, baina emakumezkoak ibilbide luzea egin zuen herri mugimenduan, inolako erakundera lotuta egon gabe. "Nik ezin nuen susmatu Iraultzan zegoenik, beti egon zen herri mugimenduan, baina inoiz ez antolakunde zehatz batean", aipatu du bere bikotekideak.
Marisol Mujika Ermuan jaio zen, baina bere bizitza Ezkerraldean, Bilbon eta Laudion igaro zuen gehienbat.
Ezkerraldean, esaterako, emakume elkarteetan aritu zen eta herri zein auzo borroketan parte hartu zuen Barakaldon, Sestaon edota Portugaleten. Familien elkarteetan ere pertsona aktiboa izan zen.
Esparru profesionalean, etxez etxeko udal langilea zen, besteak beste. Hain zuzen, langile moduan bere eskubideak aldarrikatzeko sona handiko itxialdia egin zuen lankideekin Barakaldoko udaletxean. Lan gatazka istiluekin amaitu zen eta eredua bilakatu zen Ezkerraldeko beste udalerrietan.
Bilbon, aldiz, lotura handia zuen Alde Zaharrarekin. Txomin Barullo tabernan lan egin zuen bi urtez eta han zuen kuadrilla. "Alde Zaharreko jende askorekin zuen harreman handia eta bere argazkia Txomin Barullon zein Errondabideko Herriko Tabernan dago", gogoratu du Jaime Espesok.
Nikaraguan brigadista
1980ko hamarkadan brigadista moduan joan ziren Marisol eta Jaime Nikaraguara: "Iraultza sandinista babestera joan ginen, elkartasuna adieraztera. Matagalpan lagundu genuen eskolak eta osasun zentroa eraikitzen".
Hala ere, bikotearen ustez, eragin handiagoa izan zuen Somoton garatu zuten proiektua: "Mugan dagoen herria da eta garai horretan ume pilo bizi ziren kalean. Neskak prostituzioan sartzen zituzten. Horri aurre egiteko etxea egin genuen, adingabeak zaindu eta babesteko".
Nikaraguan injustizia oso bistakoa zela azaldu du Jaime Espesok: "Injustizia horrek agian eraman zuen konpromiso gehiago hartzera. 1989an egon zen azken aldiz Nikaraguan".
Arreta deitu nahi ez zuen emakumea
Jaime Espesok argi dauka bere bikotekidearen definizioa: "Beti laguntzeko prest zegoen. Interes handia erakusten zuen besteengatik eta ez zuen atentzioa erakarri nahi. Egiten zuen bere ustez egin behar zuena, baina inoren oniritzia jasotzeko beharrik gabe".
Erakunde armatuetako militanteen ohiko topikoen kontra, Marisol Mujika familia zuen (bi seme) eta bizitza guztiz arrunta, zentzu horretan.
Iraultza taldea 1980ko hamarkadan sortutako ezkerreko talde armatua izan zen eta bere jarduera, zehazki, lan munduko gatazkei eta inperialismoari egon zen lotuta -Amerikako Estatu Batuen interesen kontrako dozenaka ekintza gauzatu zituzten-. Inoiz ez zuten suzko armarik erabili, baina bai lehergailuak. 1998an disolbatu zen ofizialkia antolakundea.