Atzo goizean istripua jazo zen Laudion, auto batek txirrindularia harrapatu ostean. Kirolariak ez zuen aparteko zauririk izan, baina anbulantzian eraman behar izan zuten Galdakaoko ospitalera, scanerra egiteko. Printzipioz, ez du hezurrik zaurituta, baina bai giharrak eta lepoa minduta.
Aiarabike denda igarota dagoen bidegurutzean gertatu zen istripua. Errepidetik zubira sartzen saiatu zen autoa eta ez zuen ikusi kontrako norabidean zetorren txirrindularia. Berez, kirolaria lurrera bota zuen eta kaskoak, bizikletak, erlojuak eta oinetakoek txikituta bukatu zuten.

Edonola ere, txirrindulariak auto gidariaren jarrera eskertu du: "Berehala onartu zuen ez ninduela ikusi eta hainbat aldiz deitu nau galdetzeko ondo nagoen".
Udaltzainak eta Aiarako Suhiltzaileak bertaratu ziren lekura eta, azkenean, Galdakaoko ospitalera eraman zuten kirolaria. Egunean bertan itzuli zen etxera.