Elkartasuna izan da nagusi Tubacexeko greba mugagabearen 85. egunean. Goizean dozenaka behargin batu dira Laudioko lantegiaren sarreran. Kaleratutako langileek ekarpen ekonomikoa egin diote erresistentzia kutxari, kalte-ordaina jaso eta laster langabezia kobratzen hasiko direlako.
Langile guztien arteko batasuna mantentzearen beharra nabarmendu dute ekitaldian.
Erresistentzia kutxa kudeatzen duten beharginek hartu dute hitza jarraian, kutxaren funtzionamenduari buruzko hainbat argipen egiteko. Dirua eskatzera animatzeko deia luzatu diete horretarako beharra duten langileei.
Ondoren, Babes Zibileko kideak eta Inauxako langileak bertaratu dira piketera, kutxan dirua sartzeko. Lehenengoek bi zozketa antolatu dituzte dirua biltzeko. Bigarrenek, aldiz, fabrikako beharginen artean bildu dute dirua.