Alberto Acero plazan orain arte jarrita egon den karpak “sabotaje larria” pairatu duela salatu du Laudioko Udalak. “Asteartean, aurreikusita zegoen bezala, karparen arduradunek egitura desmuntatu zuten eta egiaztatu zuten egitura eusteko eta ainguratzeko funtsezko elementuak lapurtu zituztela”, azaldu du tokiko erakundeak. Nabarmendu dutenez, pieza horiek “ezinbestekoak” dira egituraren segurtasuna bermatzeko. “Horregatik, nahita kendu direnez, arrisku larria sortu da aste luzez udalaren kultura-eskaintzaz gozatu duten herritarren osotasunerako”.
Udalak jakinarazi du hori ez dela izan azpiegiturak pairatu duen kalte bakarra. Duela aste batzuk karparen oihala eta ekitaldietarako erabiltzen den material teknikoa agertu ziren apurtuta.
Ander Añibarro alkateak salaketa jarri du Ertzaintzaren komisaldegian, eta gogor gaitzetsi du gertatutakoa, sabotaje horiek “laudioar espirituarekin” zerikusirik ez dutela eta udalerrian tokirik ez dutela azpimarratuta.