KEPA SOJO

“Aurreiritziak daude zinema eskandinaviarrari lotuta, baina badaude ere komediak eta ezustekoak”

Aitor Aspuru Saez 2021ko mai. 17a, 07:00
'El norte pide paso' da Kepa Sojo zinemagile laudioarraren azken lana. / Kepa Sojo

KEPA SOJO (Laudio, 1968) zinemari oso lotuta dago. Unibertsitateko irakaslea ez ezik, zuzendaria ere bada, eta martxoan zinema eskandinaviarrari buruzko liburua argitaratu zuen.

Zein da idatzi duzun liburua?

El norte pide paso, 50 películas esenciales para entender el cine escandinavo. Universitat Oberta de Catalunya argitaletxeak plazaratu du "Filmografías esenciales" bildumaren barruan. Hainbat liburu argitaratu dituzte horrela, adibidez, genero zinemari buruzkoak: western, beldurrezkoa, Japoniako zinema...

Nik haiekin hitz egin nuen, oso gogoko baitut bilduma, eta proposatu zidaten bat idaztea. Nik ikerlanetan jorratu dut Europako Iparraldeko zinema eta nire filme laburra Hileta Carl Theodor Dreyer zuzendariaren pelikula batean oinarritu nuen.

Ondorioz, zinema eskandinaviarrari buruzko liburua egitea proposatu nien.

“Askok galdetu zidaten nola bururatu zitzaidan ‘Hileta’ bezalako pelikula egitea, agian egia da muturrak ukitzen direla”

Nolakoa da liburuaren egitura edo edukiak?

Lehen 30 orrialdeetan kontatzen dut Europako Iparraldeko zinemaren historia; Norvegia, Suedia, Finlandia, Islandia eta Danimarkakoa.

Gero 50 filmeren analisiak eta fitxak osatu ditut, gero bibliografia eta, bukatzeko, beste 100 pelikulen zerrenda, nahi duenak sakondu dezan. Izan ere, 50 pelikula sartu dira liburuan, baina beste 100 gehiago ere txertatzeko aukera zegoen.

Nondik dator zure amodioa zinema mota horrekiko?

Zinema ikerlaria naiz eta nire lanak, oro har, euskal zinemari buruzkoak dira, edo espainiar zinemaren inguruan: Berlanga, Francoren garaiko zinema...

Baina, bestetik, zinema zalea naizenez, hasi nintzen Dreyerri buruz ikertzen. Alegia, sartu nintzen ikerketa talde batean eta Europako Iparraldeko zinema eta telebista genuen hizpide.

Dogma mugimendua ere oso gogoko dut eta Lars Von Trier ere, uste dut zinemagile bikaina dela, edo Akki Kaurismaki. Hortaz, erabaki nuen aurrera egitea.

Egia da aurreiritziak daudela zinema eskandinaviarrari lotuta; luteranismoa edo existentzialismoaren presentzia, tristea, goibela, paisaien garrantzia... Eta bai, egia da badaudela pelikula batzuk horrelakoak direnak. Edonola ere, badaude ere komediak, filme kostunbristak, bestelako motatakoak ere. Ez da dena monolitikoa. Ustekabeko proposamenak topatu ditut, adibidez, Islandiako zinema garaikidean, Dogma mugimenduaren komedia batzuetan edo Kaurismakiren filmetan komedia ere presente dago.

Gogoratzen dut Hileta egin nuenean askok galdetu zidatela ea nolatan egin nuen horrelako zerbait, baina agian egia da muturrak ukitzen direla.

Handik ibili zara?

Bai, Copenhagen eta Stockholmeko filmategietan. Suedia eta Danimarka dira herrialde garrantzitsuenak eta filmategietan ikertu nituen ezagutzen ez nituen aldeak. Adibidez, zer nolako zinema ikusi zen II. Mundu Gerraren ondoren. Film batzuk ez daude argitaratuak. Soilik Dinamarkan daude eskuragarri. azpititulurik gabe. eta apur bat zaila izan zen lana. Hala ere, nire asmoa zen zinema eskandinaviar osoa jorratzea, eta ez soilik Dreyer, Bergman eta abar.

Esaterako, Danimarkan pasa den mendeko 1930eko hamarkadan jarri zen modan antzezle bat zeinak Marlene Dietrich eta Judy Garlanden lanak uztartzen zituen. Abesten eta dantzatzen zuen eta oso film alaiak egiten zituen. Ezustea izateaz gain, plazer handia ere izan da.Horrez gain, pandemia baliatu nuen 30 pelikula ikusteko eta liburua idazteko. Hori heldulekua izan zen garai horretan.

Drama kenduta, zeintzuk dira gehien agertzen diren generoak?

Azken 20 edo 30 urteetan, adibidez, zinema beltza. Nobela mota horiek oso ezagunak dira Suedian eta Eskandinavian, oro har, eta hori zineman islatzen da. Camila Lacksberg edo Jo Nesboren egokitzapenak dira batzuk.

“Finlandiako hizkuntzak sonoritate bitxia dauka eta maiz galdetu izan didate nire izena finlandiarra ote den”

Bestalde, badaude komediak, Uno tras otro esaterako, Coen anaiena dirudi: tiroketa pilo, hildakoak... Liluragarria. Egile zinema ere badugu... Gauza asko daude eta Dogma eta zinema independentearen garrantzia nabarmenduko nituzke. Topikoak apurtzeko lan ugari daude. Adibide bat jartzearren, Danimarkako Zaldi gorriak pelikula kostunbrista da eta rollo oso onekoa. Kontatzen du hiritar baten istorioa, herri txiki batera joaten baita bizitzera; ezagutzen du neska bat eta maitemintzen dira. Oso film polita da. Irribarre batekin ikusten duzu eta ematen du Mediterraneoan egindakoa, ez dirudi inondik inora eskandinabiarra.

Zinema eskandinaviarra osatzen duten herrien arteko ezberdintasunak agerikoak dira orduan?

Euren arteko koprodukzioak egiten dituzte Suediako, Norvegiako eta Danimarkako hizkuntzak, gainera, oso antzekoak dira. Finlandia eta Suediaren arteko harremanak ere egon dira. Adibidez, Finlandiako irla batzuetan hitz egiten da suedieraz eta Suediako toki batzuetan finlandieraz.
Hori bai, Islandia bere kabuz egon da beti. Hizkuntz germanikoa iden arren, garapen ezberdina izan du. Azken 20 edo 30 urteetako zinema islandiarra bikaina da. Badaude genero beltzekoak, baina baita ekologiari edo emakumeari edo homosexualitateari lotutakoak ere. Gainera, nahasten dituzte paisaiak jendearen nortasunarekin...

Laponiar kultura badago ere, Finlandian, Norvegian, Suedian eta Errusian. Herri bat da, baina aberririk gabekoa. Samiak dira eta euren filme bat ere sartu dut. Bitxia da ere finlandiarren hizkuntza, batzuek uste zuten ni finlandiarrek nintzela izenagatik, antzeko soinua baitute finlandiarra eta euskarak.

Aurkezpenak egingo dituzue?

Bai, Gasteizen ziur, baina ez dakit noiz. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide