MALEN ATXA CORBELLA

“Euskarazko abestiak sortzen ari naiz Faktoriako kontzertuan aurkezteko”

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko mai. 15a, 08:00
Maiatzaren 28an Faktorian eskainiko du kontzertua Malen Atxak, Egoitz Uriarterekin batera. / M.A.C.

MALEN ATXA CORBELLAk (Laudio, 2003) 'Matx' ezizenarekin sortzen du. Duela urtebete hasi zen abesti propioak idazten, eta Faktorian eskainiko du bere lehen kontzertua.

Nondik datorkizu musikarekiko zaletasuna?

Oso gaztetatik hasi nintzen musika munduan. 7 edo 8 urte nituenean hasi nintzen musika eskolan solfeo klaseak jasotzen. Gerora, musika instrumentu bat aukeratu behar nuenean egundoko zalantzak izan nituen. Pianoa hartzekotan nengoen, baina pianoa ezin duzu edonora eraman.

Bartzelonara joan ginen lagun baten etxera, gitarrak egiten zituen elementu desberdinekin eta gitarra jotzea erabaki nuen.

Denborarekin motibazioa galdu nuen, Amurrioko Musika Eskolara jo nuen arte. Bertan gitarra irakasle oso on batekin egin nuen topo, Aitor. Asko ikasi nuen eta abestera ere animatu ninduen.

Noiz hasi zinen zure abesti propioak idazten?

Irlandara joan nintzen ikastera urtebetez. Orduan ez nituen abestiak idazten baina asko praktikatu nuen gitarrarekin. Iazko itxialdian hasi nintzen idazten. Denbora soberan neukan eta animatu egin nintzen. Pare bat abesti sortu nituen eta egindakoa Egoitz Uriarteri bidaltzea proposatu zidan osabak. 
Berarekin grabatu nuen irailean estudioan nire lehenengo abestia: Esan ezin diren hitzak.

Bideoklipa ere grabatu genuen, kriston lotsa ematen zidan sareetara igotzeak baina oso harrera ona izan du, 2.000 ikustaldi baino gehiago ditu YouTuben, eta jendeak entzuten jarraitzen du.

Nola gogoratzen duzu abestiak konposatzen hasteko prozesu hori?

Oso naturala izan zen guztia. Itxialdian ere ez neukan ezer berezirik kontatzeko, etxean nengoela eta atera nahi nuela. Hortik abiatu nintzen. Hasieran ez zitzaidan batere gustatzen nire ahotsa entzutea. Lagun bati bidali nion bere iritzia jasotzeko, asko gustatu zitzaion.
Udan leku guztietara eramaten nuen gitarra, hasi nintzen jendaurrean abesteko lotsa galtzen. Lagunek eta familiak asko animatu ninduten.

Noiz eman zenuen jauzia oholtza gainera igotzeko?

Musika eskolan nengoenean emanaldiak eskaintzen genituen taldean, jendaurrean agertzeari lotsa hori kentzen irakasten ziguten. Amurrio Antzokian eskaini genituen bertsio-kontzertu batzuk familia eta lagunen aurrean.

Ni bakarrik publiko aurrean azaldu nintzen lehenengo aldia urtarrileko euskal presoen aldeko manifestazioan izan zen, Aldai plazan 400 bat lagunen aurrean. Oso urduri egongo nintzela uste nuen, baina ez zen horrela izan. Ama ni baino urduriago zegoen. 

Oholtzara igo, arnasa hartu eta nire munduan murgildu nintzen.

Aiaraldea Ekintzen Faktorian eskainiko duzu zure lehenengo kontzertua, nola ari zara hori prestatzen?

Sorkuntza lanetan nago murgilduta. Hainbat abesti idatzi ditut azken urte honetan euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Faktoriako kontzerturako euskarazko abesti gehiago sortzen nago zentratuta. Cover batzuk ere prestatu ditut, Olatz Salvadorren kanta bat eta Izaroren baten bat, esaterako. Ez dakit zuzenean joko ditudan. Egoitz Uriarterekin ere elkartuko naiz emanaldia prestatzeko.

Zeintzuk dira zure erreferenteak?

Denetarik entzun dugu etxean, betidanik: aita eta osaba oso rockeroak dira, ama Silvio Rodriguezen zalea da... Azken aldian Izaro eta Idoia Asurmendiren kantak entzuten nabil, Idoia Asurmendiren disko berria asko gustatzen zait, buklean nabil entzuten.

Nola definituko zenuke zure estiloa?

Ez dakit egiten dudana sailkatzen, ez dut horretan pentsatzen. Pop? Rock? Auskalo! Nik uste dut entzundako guztiak utzi duela arrastoren bat sortzen dudan horretan. Eta hitzei dagokienean ere askotariko gaiak lantzen ditut, momentuan ateratzen zaidana islatzen dut.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide