Udal gobernuak aurkeztutako inbertsio planari oniritzia eman dio EH Bilduk

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko mai. 12a, 12:39
EH Bildu udal taldeko ordezkariak, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Gaur egingo den Ezohiko Udal Osoko Bilkuran aurkeztuko den inbertsio planaren alde egingo du koalizioak, eta "herritarren bizi  kalitatea hobetzeko" akordioak erdiesteko prestutasuna adierazi du.

EAJ-PSE gobernu taldeak gaur arratsaldean aurkeztuko du 2021eko inbertsio plana. EH Bilduren udal taldeak inbertsio planaren alde egingo du, koalizioak 2021eko aurrekontu eztabaidan aurkeztutako proposamen ugari aintzat hartzen dituelako dokumentuak.

“Inbertsio plan honetan guk egindako ekarpenetako asko jasotzen dira, eta laudioarron alde urrats bat aurrera egingo dugu oraingoan ere”, azaldu du Santi Hernando EH Bilduko zinegotziak.

2021eko aurrekontu-eztabaida

2021eko kontu publikoen aurrekontu-eztabaidari begira, EH Bilduk azaroaren 9an erregistratu zuen inbertsio-proposamen sorta bat, "udalerriko gizarte, kultura eta kirol eragile askoren eskariarekin bat datorrena". 

Baina EAJk eta PSEk osatzen duten udal gobernuak uko egin zion proposamen horiek aztertzeari eta eztabaidatzeari, EH Bilduk salatu duenez. Proposamenek, ordea, behin betiko inbertsio planean isla izan dutela adierazi du Hernandok: “Gobernu taldeak askotan esan digu gure ekarpenak ez direla onak, baina oraingoan hala izan ez direla adierazi digute, horietako asko baitira gaur arratsaldean bozkatuko ditugunak”.

Gauzak horrela, inbertsio planari aldeko botoa emango diotela aurreratu dute EH Bilduko zinegotziek, eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko akordioak erdiesteko prestutasuna adierazi dute. "Laudioarron beharren alde egiteko borondatea dagoenean ez dago akordioetara heltzeko arazorik", nabarmendu du Hernandok.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide