Sareen Saria jaso zuen atzo Maria Angeles Arbaizagoitia laudioarrak. “Euskadi solidarioagoa, kohesionatuagoa eta inklusiboagoa eraikitzen lagundu duten pertsonen lana” aitortzen du sari horrek.
Laudioarrak 30 urte daramatza buru osasunaren alorrean lan egiten, boluntario gisa; Fedeafes eta Asasam elkarteetako presidentea da gaur egun. “Bere ibilbide luze eta oparoan erantzun kolektiboak eraiki ditu osasun mentalaren esparruan, eta eredugarria da sektore osoan, bai Araban eta baita Euskadin ere", nabarmendu zuen Borja Dovalek ekitaldian.
"Familiak administrazioaren aurretik"
Arbaizagoitiak hiru hamarkada hauetan zehar bizitakoak ekarri zituen gogora. Duela 30 urte egin zuen buruaz beste Txominek, bere semeak. Horrek bultzatu zuen laudioarra buru osasun arazoak dituzten pertsonen alde borrokatzera. “Bidegabekeria izugarria sentitu nuen buru osasuneko arazoa zuten pertsonak alboratzen zirela ikustean”, oroitu zuen Asasameko kideak ekitaldian, “egoera horri eta baliabide faltari aurre egiteko, semearen heriotzaren ostean ere pertsona hauen alde lanean jarraitzeko erabakia hartu nuen, buru nahasmendua dutenentzako arreta egokia aldarrikatzeko”.
Izan ere, familiak “administrazioaren aurretik” joan dira gai honetan, Arbaizagoitiaren ustetan: “baliabiderik ez zegoenean laguntza eskainiz, eta beti boluntariotzatik. Erakunde publikoek eskaintzen ez zituzten baliabideak sortu genituen eta erantzukizun publikoko zerbitzuak dira egun”.
Iñigo Urkulluren hitzartzea
Iñigo Urkulluk ere hartu zuen hitza ekitaldian. Hirugarren sektore sozialeko erakundeek betetzen duten funtzioa goraipatu zuen lehendakariak, ongizate kolektiboa eraikitzen laguntzen dutela nabarmenduta.