Laudioko kultura "alerta gorrian" dagoela salatu dute

Txabi Alvarado Bañares 2021ko mai. 15a, 21:07

Udalaren partetik jaso dituzten trabak salatu dituzte Laudioko Musika Bandak, Orbeko Etxeak, Gaztetxeak, Sorginlarrenek, Kirikiñok edota skate taldeak. 

Kostgrind eta Amianto taldeen kontzertua zegoen iragarrita gaur arratsalderako Laudion. Baina 17:00etatik aurrera Lamuza Parkera bertaratu diren pertsonek oso bestelako panorama batekin egin dute topo. 

Ez da inolako kontzerturik egon. Faltsua zen deialdia, ez ordea hitzordua. Laudioko hainbat kultur elkarteetako kideak bertaratu dira parkera, eta ordubetez aritu dira euren ohiko jarduna garatzen: Kirikiño aisialdi taldeak umeentzako gunea atondu du, skate taldeko kideak pistan gora eta behera aritu dira eta Moonshine Wagon taldeak kontzertua eskaini du Kasinoaren parean, besteak beste. 

Laudioko Musika Bandako kideak ere bertaratu dira, baina ez dute jotzerik izan, debekatua dutelako, COVID-19aren aurkako neurrien ondorioz.

Hori izan da, hain zuzen, ekintza kulturalaren helburu nagusia: kulturak Laudion dituen trabak azaleratzea. 

Musika bandako eta Laudioko gaztetxeko kide banak irakurri dute adierazpena. “Pandemiaren hasieratik, Laudioko kultur jarduera erabat murriztua izan da”, hasi dira kontatzen. Salatu dutenez, beste herri batzuetan egoera “berpizten” doan bitartean, Laudion entzungogor egiten zaie kultur elkarteen eskaerei, “urte edota hamarkadetako ibilbide oparoak” dituzten arren. 

Udalaren trabak

Zuzenean kritikatu dute udalaren jarrera. “Kultura plan propioa” sortzen duen bitartean, azken urteetan eginiko bidea “desegitea” eta egindako lana “bide-bazterrean” uztea leporatu diote tokiko erakundeari. “Gure jarduera kulturala aurrera eramaten saiatu garen bitartean, osasun neurri guztiak zainduz, trabak izan dira lortu dugun bakarra; eta, zenbait kasutan, baita ukapena ere”.  

Funtsean, oztopo burokratikoak jartzea, udal espazioak erabiltzeko eragozpenak jartzea edota elkarteen ekitaldiak bertan behera uztea ere egotzi diote tokiko erakundeari. Era berean, nabarmendu dute Laudioko Udalak ez dituela elkarteei jarritako eragozpen berdinak jarri Alberto Acero plazan jarritako karpan egin diren ekintzetarako.

Gauzak hala, “denontzako kultura askea” aldarrikatu dute. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide