Parte hartzerako prozesua abiatuko du udalak txakurren aisialdirako guneak zehazteko, 9 kokapen proposatu ostean

Aitor Aspuru Saez 2021ko mai. 18a, 12:35

Laudioko Udalak 9 kokapeneko proposamena egingo du, herritarrek euren iradokizunak egiteko.

Prentsaurrekoa eskaini du gaur Laudioko Udalak txakurren aisialdirako guneei buruz. Izan ere, Ander Larrinaga alkateordeak azaldu duenez, martxoan aho batez onartu zen horri buruzko mozioa udalbatzan.

Gauzak horrela, 9 kokapeneko proposamena prestatu du tokiko erakundeak. Larrinagak argitu du ez dela proiektu itxia: "hau jarri dugu oinarri gisa, herritarrek ekarpena egin ditzaten, baina laudioarrek ideia hobeak izan ditzakete".

Kokapen horiek guztiek gutxieneko azpiegitura izango dute: zaborrontziak, gorotzak jasotzeko poltsak, ura, bankuak kasu batzuetan... Gainera, "agility" eremu bat atonduko da, txakurrek ariketa fisikoa egin dezaten.

Alkateordeak nabarmendu du animaliak solte egoteko esparruak izango direla eta potentzialki arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak ezingo direla lotu gabe egon, legeak horretara behartzen baitu.

9 guneak

Zehazki, udalak pentsatu dituen aisialdi eremuak hurrengo tokietan egongo lirateke:

  • Lamuza parkean: Bolatokitik parkearen amaierara arte. 3.000 metro karratu inguru. Han eraikiko litzateke "agility" espazioa.
  • Arraño: Mendian, aparkalekuaren eta gurutzearen artean.
  • Ugarte: Sagastin, 1.500 metro karratuko zabalerarekin.
  • Bide zaharrak: Villosako parkean. Ordutegi mugatua izango luke, kamioien trafikoa handia baita eta arriskutsua izan daiteke. 19:00etatik 08:00ak bitartean egongo litzateke irekirik.
  • Areta: Pinudien pasealekua, Gasteiz kalean. 1.700 metro karratuko tokia.
  • Latiorro: Egungo "pipicana" aisialdirako gunea bilakatuko litzateke, txakurrak aske egoteko.
  • Gardea: Eliza eta kirolgunearen artean.
  • Hirugurutzeta: Laurak tabernaren alboko parkea. Horrek ere ordutegi mugatua izango luke.
  • Landaluze: Parkean, ordutegi mugatuarekin ere.

Parte hartzea

Bi bide irekiko ditu udalak herritarrek iritzia emateko. Alde batetik, udal webgunea (www.laudio.eus) eta, bestetik, udaletxean jarriko den postontzia. "Espazio fisiko gehiago ahalbidetzea pentsatzen ari gara", iradoki du Larrinagak.

Guztira, 20.000 euro inguruko inbertsioa egitea aurreikusi du udalak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide