ENDIKA GUERRERO

“Eskubaloiaren alderik onena da ez duzula inor atzean uzten, guztiok jokatzen dugu”

Aitor Aspuru Saez 2021ko mai. 24a, 07:00
Arabako Eskubaloi Selekzioko hautatzaile berria da Endika Guerrero. / Aiaraldea,eus

ENDIKA GUERRERO (Laudio, 1990) Arabako Eskubaloi Selekzioko hautatzaile izendatu dute eta proiektu berria dauka orain esku artean, baina horrez gain, lan handia egiten du Laudioko Eskubaloi Taldean.

Nola hartu duzu Arabako eskubaloi selekzioko hautatzailea izateko albistea?

Ezustekoa izan da. Lau urtez arituko naiz. Egun batean deia jaso nuen, proposatu zidaten eta baiezkoa eman nuen. Aurten, COVIDaren ondorioz, ez dugu lan egiteko aukera izango, baina talde handia sortu da eta ideia batzuk garatu nahi ditugu.  Izan ere, Arabako maila azken urteotan asko jaitsi egin da eta gure asmoa da bermatzea herri guztietan egotea eskubaloia eta jende gehiago. Lagun gehiagorekin maila igotzea da helburua.

“Momentuz esku artean dudan proiektuan zentratuko naiz, kideekin oso pozik bainago. Ez dut nire burua beste inon ikusten”

Hurrengo urtean hasiko da erronka orduan?

Bai, 20 saio ditugu hori egiteko. Deituko ditugu ahalik eta gazte gehien, guztiak, ahal bada. Hasieran selekzioan baino, zentratuko gara teknifikazioan, maila igotzeko. Beste herrialde batzuetan zuzenean selekzioarekin has daitezke lanean, jende asko dutelako, baina ez da gure kasua.Horrek ez du esan nahi Arabako selekzioa ez denik egongo. Abian egongo da, baina lehen xedea ez da irabaztea, baizik eta jokalarien maila igotzea. Urtero egiten da txapelketa eta Arabaren emaitzak azkenaldian ez dira oso onak izan. Aurretik egon dira belaunaldi oso onak eta lan eginda emaitzak eskuratu dituzte. Horrez gain, herriz herri sustatu nahi dugu eskubaloia. Adibidez, ekimen interesgarria litzateke teknifikazio saioak herri ezberdinetan egitea eta kirola erakustea tradizio handia ez duen lekuetan.

Ardura gehiago ere badituzu Laudion, ezta?

Bai, gero eta gehiago! 11 urterekin hasi nintzen eskubaloian. Berandu, hasieran areto futbolean jokatzen bainuen. Egun batean kiroldegian nengoen, probatu nuen eta gogoko izan nuen, orain arte.Laudion egon nintzen hainbat urtez jokalari moduan eta 16 urterekin hasi nintzen umeak entrenatzen. Urteak pasa ahala, erabaki nuen nire burua trebatzea eta zenbait lizentzia ateratzea entrenatzaile izateko. Uda honetan lortuko ditut falta zaizkidan agiriak eta denetarik egin dut jadanik. Kaptazioa, entrenatzailea... esaterako, aurten entrenatzen ditut kadeteak, gazteak eta seniorrak. Horrez gain, ni ere jokalaria naiz senior kategorian.  Hortaz, ardura handiak ditut, baina pozik nago. Ordutegien aldetik, saio bat dago bestearen atzetik eta horrela 18:00etan sartzen naiz kiroldegian eta 22:00etan ateratzen naiz astelehen, asteazken eta ostiralero.

Hainbeste urteren ondoren, zer ematen dizu eskubaloiak?

Ez dakit nola azaldu. Lesio serioak izan ditut belaunetan eta orkatiletan, baita bizkarrean ere, baina lagun pilo egin dut. Jende andanarekin jokatu dut hemen zein Asturiasen. Giroa oso ona da, inoiz ez baituzu inor atzean uzten. Beste kiroletan ez bezala, eskubaloian nahi beste aldaketa egin ditzakezu eta ez da geratzen umerik jokatu gabe. Ez umeak ez inor. Ni estatu-mailako kategorian aritu nintzen eta ez nintzen inondik inora onena taldean, baina, hala ere, jokatzen nuen. Kirol fisikoa da eta nik gogoko dut apur bat sufritzea. Ez da fisikoa kolpeen aldetik duela 20 urte bezala, baina erne egon behar zara beti, aldaketa asko daude, inoiz ez zara ibiltzen, taldekako joko azkarra da eta korrika egin beharra dago. Horri gehitu inoiz ez dagoela arazo handirik beste taldeekin. Hau da, giroa ona da eta aurkariekin garagardo bat hartzeko aukera dago partida amaitu eta gero. Bestalde, kirolak balio batzuk ditu eta gazteengan ikusten ditudanean, entrenatzeko gogoak sartzen zaizkit.

“Arabako selekzioaren xedea jokalarien maila igotzea da”

Jadanik ardura izugarriak dituzu, baina etorkizunean bestelako erronkak abiatu nahi dituzu entrenatzaile moduan?

Gaur egun gauzak dauden moduan jende gutxik bizi dezake eskubaloiari esker. Ni hezkuntzan nago, irakaslea naiz eta benetan pozik nago, baina Laudion entrenatzen dut, batik bat, dagoen giroagatik eta proiektuagatik. Laudiora itzuli nintzenean ez zegoen ia jokalaririk. Bakarrik seniorrak eta  partidetara joaten ginen zazpi edo zortzi jokalari. Iaz ez genuen adina jokalaririk eta hau joko fisikoa da, etengabe korrika egon behar zara. Urteak pasa ahala zenbait aldaketa egin genituen eskubaloia Laudion ez desagertzeko eta pandemia aurretik proiektu polita ari zen sortzen.  

Nire etorkizunari dagokionez, ez dakit zer gertatuko den. Orain hautatzailea naiz, baina ikusiko dugu zer moduz egiten dugun eta norbaiten arreta deitzen dudan. Baina mundu honetan ez duzu dirua irabazten.  Momentuz esku artean dudan proiektuan zentratuko naiz, kideekin oso pozik bainago. Gurasoak eta jokalariak oso motibatuak daude.Ez dut nire burua beste leku batean ikusten.

Proiektu horretan duzuen hutsunea ere bete nahi duzue, ezta?

Bai. Azkenengo urteetan lortu dugu nesken taldea edukitzea, eta urteak igaro ahala jende gehiagok eman du izena. Hastapenetan taldea mistoak dira guztiak eta adin batetik aurrera, ezin direla mistoak izan. Hau da, edo talde osoa duzu, edo kanpora joan behar zara jokatzera edo kirola utzi.  Egungo egoera da 2006, 2007 eta 2008ko taldeetan lau neska daudela, talde mistoan, baina bi urte barru hori aldatu beharko da eta nesken taldea osatu beharko dute.  Beraz, nahiko genuke neska gehiago taldera batzea. Gurekin harremanetan jartzeko Instagram @laudiobceskubaloitaldea profila edo 616 06 99 78 telefono zenbakia balia daitezke.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide