Kiroldegiko kuotaren eta Aiarako Kuadrillaren egoitzaren inguruko eztabaidak eramango ditu Omniak Udal Osoko Bilkurara

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko mai. 27a, 17:00

Bi mozio aurkeztuko ditu Omniak. / Aiaraldea.eus

Bi mozio aurkeztu ditu udal taldeak datorren maiatzaren 31an egingo den udalbatzan eztabaidatuak izan daitezen.

Omniaren udal-taldeak bi mozio aurkeztu ditu maiatzaren 31ko Udal Osoko Bilkuran eztabaidatuak izan daitezen. Aurkeztutako lehenengo mozioak Aiarako Kuadrillaren egoitza du eztabaidagai; bigarrenak, aldiz, udal kiroldegiko bazkideen kuotari ezarritako deskontua.

Kuadrillaren egoitza

Aiarako Kuadrillaren egoitza Laudioko Udaletxe zaharrean kokatzea aldarrikatuko du Omniak datorren asteleheneko bilkuran. Udal taldeak Azaroaren 29ko 63/1989 Foru Arauko 6. artikuluak jasotakoan oinarritu du bere eskakizuna. Artikuluak honakoa dio: "Amurrio, Artziniega, Aiara, Laudio eta Okondo udalerriek osatzen dute Aiarako Kuadrilla, eta bere egoitza Laudion kokatzen da".

Omniaren iritziz, araua argia da, eta hau betetzea besterik ez da geratzen. "Egoitza Laudioko Udaletxe zaharrean kokatzea aurrerapauso handia izango da Kuadrillatik egiten den lan guztia ikustarazi eta balioan jartzeko" adierazi dute mozioan.

Kiroldegia

Udal taldeak aurkeztutako bigarren mozioa udal kiroldegiko kuota du hizpide. Izan ere, 2020ko abenduaren 31aren aurretik dagoeneko kiroldegiko bazkide zirenei %50eko kenkaria egingo zaie 2021eko tasan, kiroldegiko azpiegitura ugari ezin baitira erabili oraindik. 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera izena-eman dutenei, ordea, ez zaie deskontu hori aplikatuko.

Omniarentzako "ulergaitza" da bazkideen arteko desberdintasun hori: "Bat egiten dugu deskontuarekin, baina deskontu hori berdina izan behar du erabiltzaile guztientzako, kirol instalazioak berdinak baitira".

Alderdi laudioarrak salatu du ez duela gai horren inguruko erantzunik jaso udal gobernuaren partetik, Udal Osoko Bilkuretan gaia mahaigainean jarri  arren. Horregatik, mozioa aurkeztuko dute, bazkide guztiek deskontu berdina jaso dezaten.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide