ANE MURGA PENAS

“Jasotzen dugun guztia kuestionatzea oso gauza garrantzitsua da, jarrera kritikoa behar dugu”

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko eka. 8a, 07:19

Ane Murga Penas. / Aiaraldea .eus

ANE MURGA PENASek (Laudio, 2004) Nazioarteko Filosofia Olinpiadan parte hartu berri du, utopia kontzeptuaren inguruan hausnartuz. Noam Chomsky pentsalari eta hizkuntzalariarekin egoteko aukera izan du, iragan asteburuko topaketetan zehar.

Nazioarteko Filosofia Olinpiadan parte hartu duzu, nola hasi zen abentura hau?

Filosofia irakasleak proposatuta hasi zen guztia. Berak animatu ninduen Filosfia Olinpiadarako saiakera bat idaztera. Asko gustatu zitzaidan ideia, ni beti nago horrelako proiektuetan murgiltzeko prest, eta idazteari ekin nion. Saiakera gure hizkuntza akademikoa ez den atzerriko hizkuntza batean egon behar zuen idatzia eta nik ingelesez idatzi nuen, nahiko ongi moldatzen bainaiz. Apirilean bidali nuen idazlana eta Espainiako komisioak hautatu egin ninduen Esloveniako finaleko ordezkaritzaren parte izateko, Badajozeko beste ikasle batekin batera.

“Utopiak dituen arriskuen inguruan hausnartu dut saiakeran”

Zeren inguruan idatzi zenuen saiakera?

Aurtengo olinpiadaren gai nagusia Utopia kontzeptua izan da, eta saiakeraren gaia Utopia eta bere atsekabeak (Utopy and it's discontents) izan da. Asko gustatu zitzaidan gaia, eta disfrutatu egin nuen honen inguruan hausnartzen eta idazten.

Utopien aurkako saiakera idatzi dut nik, utopiaren atzean dauden arriskuez hausnartuz. Izan ere, praktikan jarri diren utopia askok erregimen totalitario izaten amaitu dute. Saiakeran protopiaren inguruan idatzi nuen ere, distopia eta utopiaren arteko erdibidean dagoen kontzeptua, gaurko arazoak konpontzea etorkizun perfektu bat bilatzea baino eraginkorragoa dela defendatuz.

Klasean jasotako ezagutzak baliatu ditut idazlana osatzeko. Oso gustora geratu nintzen egindakoarekin, eta Espainiako delegaritzaren erantzunak berrestu egin zuen hori.

Nazioarteko Filosofia Olinpiadara joateko hautatua izan zinen, nola jaso zenuen albistea?

Hasieran ezin nuen sinetsi: munduko beste 50 herrialdetako 150 ikaslerekin lehiatzeko hautatua izan nintzen! Behin albistea asimilatuta, oso argi nuen asteburu horretan zehar nire onena eman behar nuela, eta ahalik eta gehien ikasteko baliatu esperientzia.

Nolakoa izan da nazioarteko topaketa?

Aurten Eslovenian antolatu behar zuten, baina COVID-19a dela eta ezinezkoa izan da bertara joatea eta modu telematikoan burutu da olinpiada. Birtuala izan den arren oso egitarau oparoa antolatu dute lau egunetan zehar: hainbat filosoforen hitzaldiak, ikasleon arteko eztabaida saioak... eta olinpiadaren finala noski! Oso jende jatorra ezagutu dut eta oso esperientzia aberasgarria izan da.

Eztabaida saioak bukatuta ere, guk hizketan jarraitzen genuen. Whatsapp talde bat osatu dugu nazioarteko zenbait ikaslek, harremanetan mantentzeko. Pena handia eman dit aurrez aurreko kontaktu horretaz ezin disfrutatu izanak, telematikoki aberasgarria izan bada Eslovenian are gehiago behar zuen izan!

Bigarren saiakera bat idatzi behar izan zenuen, ezta?

Bai, olinpiadako finalera aurkeztu beharrekoa. Lau orduko tartea genuen aurkeztu zizkiguten lau gairen artean bat aukeratu eta horri buruz idazteko. Programa berezi bat erabili genuen, kanpo erreferentziak bilatzea edota laguntza jasotzea ekiditeko. Hiztegi bat erabili genezakeen soilik, ingelesezko hitzak bilatzeko.Utopiaren kontzeptuaren inguruan jarraitu nuen hausnartzen, hura gure egunerokoan nola erabili dezakegun azaltzeko. Oso gustura geratu nintzen entregatutako lanarekin, eta oso azkar pasa zitzaidan denbora.

“Izugarria izan da ordenagailaren pantailaren bestaldean Noam Chomsky  zuri hitzali bat eskaintzeko prest dagoela ikustea”

Ospe handiko pentsalariekin elkartu zarete ere.

Bai, egitarauaren baitan zenbait filosofo eta pentsalarik hitzaldiak eta mahai-inguruak eskaini dituzte. Izugarria izan da, pantailaren bestaldean Noam Chomsky bezalako pertsona jakintsu eta ezagun bat zuri hitzali bat eskaintzeko prest dagoela ikustea. Gainera gure galderei ere erantzuteko tartea hartu zuen, oso esperientzia berezia izan da. Linguistikari buruzko solasaldia eskaini zigun.

Eva Illouz soziologoak azken egunean eskainitako hitzaldia ere asko gustatu zitzaidan. Maitasun erromantikoaren inguruko gogoeta izan zen, eta nola  kapitalismoak eragin zuzena duen kontzeptu horretan.

Datorren urtean berriro aurkeztuko zara?

Bai noski! Datorren urtean Lisboan ospatuko da Filosofia Olinpiada, eta presentziala izango dela ziurtatu digute, bertan egoteko ahalegina egingo dut. Aurtengoa oso esperientzia baliagarria izan zait. Jende berri asko ezagutu dut eta oso eztabaida interesgarriak sortu dira, ideia berriak barneratu eta beste batzuk zalantzan jartzeko baliagarriak izan zaizkidanak. 

Uste duzu gizarteak filosofiari garrantzia ematen diola?

Gizarteak are garrantzi handiagoa eman behar dio filosofiari. Uste dut DBHn ere eskaini beharko liratekeela filosofia eskolak, kontzeptu horiek gazteagoek ere jaso ditzaten. Nazioarteko Filosofia Olinpiadak eta antzekoek merezi duen errekonozimendua ematen diote filosofiari.

Nire iritziz filosofia oso funtsezkoa da bizitzan. Pertsona adimentsuen kontua balitz bezala irudikatzen dugu baina guztiok dugu filosofatzeko gaitasuna, eta beharra. Jasotzen dugun guztia kuestionatzea oso gauza garrantzitsua da, jarrera kritikoa behar dugu eta hori eskaintzen du filosofiak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide