IÑAKI MONTES LASARTE

“Argazki on bat ateratzeko asko hurbildu beharra dago, eta ez bakarrik fisikoki”

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko eka. 11a, 07:00
Tubacexeko greba mugagabeko argazki ikonikoen egila da Iñaki Montes Lasarte. / Aiaraldea.eus

IÑAKI MONTES LASARTE (Basauri, 1971) argazkilaria da, eta Tubacexeko greban zehar atera dituen irudiek munduari buelta eman diote. Baditu beste hamaika proiektu esku artean.

Noiz murgildu zinen argazkigintzaren munduan?

Betidanik gustatu zaidan arloa da. Gaztetan, institutu garaian, hainbat ikastaro egin nituen Basauriko Kultur Etxean. Bertan ikasi nuen argazkiak errebelatzen, eta horren atzean dagoen kimika guzti hori ezagutzen, baina ez nion jarraipenik eman, eta urte nahikotxo igaro nituen argazkirik egin gabe.

Duela urte batzuk afizioa berreskuratu eta kamera berri bat erosi nuen, "zergatik ez?" galdetu nion nire buruari. Bilboko Argazkigintza Garaikideko  Zentroko (CFC) ikastaro batean eman nuen izena.Geroztik nire denbora libre gehiena argazkilaritzari eskaini diot, beti nabil kamera soinean alde batetik bestera, argazkiak atera eta atera.

“Jende arruntaren erretratuak ditut gustuko: langileenak, jende umilarenak...”

Zein da zure estiloa?

Ni mendizalea naiz, eta beti pentsatu izan dut natur inguruneen argazkiekin tematuko nintzela gehien, baina ez da horrela izan. Bilboko lehenengo ikastaroa amaitu berritan Boliviara joan nintzen, eta hilabete eman nuen bertatik ibiltzen. Etxera bueltatzerakoan konturatu nintzen atera nituen ehunka argazkien artean hiruzpalau bakarrik zirela paisaien argazkiak. Gainera, argazki horiek ez ziren paisaien argazkiak hertsiki. Adibide bat jartzearren, sumendi bati atera nion argazkia, baina lehen planoan agertzen zena palet eta hondakin batzuk ziren, horrelako gauzek deitzen baitute nire arreta gehien.

Boliviako bidaian deskubritu nuen paisajismoa baino  gehiago argazkigintza dokumentala zela nire benetako pasioa: jendearen bizipenak jasotzea Nik ez nuen espero nire ibilbide artistikoak bide hori hartuko zuenik, egia esanda. Egunsentiei, mendiei, erreka-bazterrei argazkiak ateratzen ikusten nuen nire burua, baina ez da horrela izan. Zintzoak izanda, aspertu egiten naute ibaietako uren eta zeta efektuko argazkiek (barreak).

Jende arruntaren erretratuak ditut gutsuko:  langileenak, jende umilarenak... Hori bai, ezin dut ukatu nire hastapenetako zenbait kontu oraindik praktikan jartzan dudanik. Putzuen argazkiak horren adibide dira. Putzu bat ikusten dudan bakoitzean argazkia atera behar diot bertan islatzen denari.

Boliviatik bueltan argazki erakusketa prestatu zenuen. Egin duzu besterik?

Portugaleko arrantzale batzuei bi urtez ateratako argazkiekin ere prestatu nuen beste erakusketa bat. Furgonetarekin bidaiatzen egon nintzen Portugaleko kostaldean barrena, eta goiz batean sare batzuk konpontzen ari ziren arrantzale batzuekin egin nuen topo. Hitz egiten hasi ginen eta egun guztia eman nuen eurekin. Oso modu berezian egiten dute arrantza bertan, hondartza ingurutik sarea zabalduz, hesi moduko bat sortuz. Gero traktoreekin jasotzen dute sarea, aspaldi idiekin egiten zuten. Hurrengo urtean Portugalera bueltatu nintzen eta portu batetik bestera ibili nintzen ere arrantzaleak ezagutuz eta argazkiak ateratzen.

Erretratu guztiekin erakusketa prestatzen hasi nintzen: argazkiak aukeratu, editatu, inprimatu eta markoa ipini. Pandemiak, ordea, geratu egin du dena eta atzeratu behar izan dut. Gainera proiektu hori itxi gabe dago oraindik, Portugaleko argazkiak Euskal Herriko arrantzaleekin lotzea baita nire helburua. Ondarru inguruko zenbait lagunekin hitz egin nuen beraiekin batera itsasontzi batean sartu eta argazkiak ateratzeko. Pandemiak ere izorratu egin ditu asmo horiek.

Argazkilaritza ikasten  jarraitzeko asmoa daukazu?

Bai noski. Oinarrizko modulutik hasi nintzen eta beste hiru egin ditut dagoeneko, azkena argiztatzeari buruzko ikastaroa izan zen. Argazkigintza dokumentaleko master batean eman nahi nuen izena, urte beteko iraupenekoa, baina pandemia dela eta eskolak internet bidez ematen dituzte soilik, horrek ez nau batere erakartzen. Ikastaro presentzialak bueltatzen direnean ekingo diot ikasteari berriz.

Zein da argazki on baten oinarria?

Ez dakit, faktore asko daude, baina ezagutza teknikoa baino uste dut garrantzitsuagoa dela alderdi humanoa. Ezagutza teknikoak erraz ikas daitezke, beti dago zer hobetu: parametroak, argia...

Nire bertuteetako bat da asko hurbiltzen naizela, baina noski, horretarako harreman bat izan behar duzu aurretik. Niri,  argazkiak egiten hasi aurretik, jendearekin hitz egitea gustatzen zait, eurak ezagutzea. Kamera baten aurrean gaudenean, normalean, urduri jartzen gara eta posatu egiten dugu, guztioi gertatzen zaigu. Konfiantza eta denbora apur batekin, ordea, argazki makinaz ahaztu eta garen bezalakoak azaltzen gara. Momentu horretan ateratzen dira argazkirik politenak.

Hurbiltasuna, hori da gakoa. Robert Capak esan zuen: "Argazki on bat atera ez baduzu, nahikoa hurbildu ez zarelako da". Ados nago, baina hurbiltasun hori ez da bakarrik fisikoa, konektatu beharra duzu inguruarekin ere.

“Kamera eskuetan mundua beste ikuspuntu batetik ikusten duzu; xehetasunetan jartzen duzu arreta”

Argazkilaritza ez da bakarrik botoi bat sakatzea ezta?

Ez, gauza asko hartu behar dira kontuan; aspektu teknikoak zein artistikoak. Gero argazkiak aukeratu behar dira, hori ere prozesu luzea da. Gustatuko litzaidake esatea ni oso selektiboa naizela argazkiak ateratzeko orduan, asko mamitzen dudala eszena, baina ez. Milaka ateratzen ditut, eta gero guzti horien artean aukeratu. Hainbeste aterata, ziur baten bat ona ateratzen dela beti (barreak). Azkenik, argazkien edizioa egin behar da. Nik ez dut gehiegi lantzen egia esan: kontrastearekin pixkat jolastu, parametro batzuk aldatu... gutxien gustatzen zaidan alorra da.

Saiatzen naiz argazkia ateratzean bertan ahalik eta zehatzen jolasten parametroekin, baina beti ez da posible. Bilboko San Frantzisko auzoko etxegabetze saiakera batean izan nintzen duela gutxi, horrelakoetan ezinezkoa da argazkia patxadaz pentsatzea, buruz dakizkizun parametroekin jolasten duzu eta edizioan zuzendu ateratako irudiak.

Esan beharra dut laguntzaile onak baditudala: Sançak, bakarrik 10 urte dituen nire laguntxo batek,  egundoko talentua du argazkigintzarako!

Beti daramazu kamera soinean?

Beti, edonora noala ere nirekin daramat. Beti ari naiz argazkiak ateratzen, izan kalean edota lanean. Hain zuzen ere Tubacexeko lehenengo mobilizaziora bertaratu nintzenean lankideekin joan nintzen deialdi bat zegoelako, otsailaren 23an, buzo gorrien egunean. Kamera nirekin neraman eta argazkiak egiten hasi nintzen; gerora munduari buelta eman diote argazki horiek. Baina kasualitate hutsa izan zen.

Kamera bat eskuetan duzula mundua beste era batera ikusten duzu, xehetasunean jartzen duzu arreta: leihoetan, kale bazterretan, jendearen keinuetan... Ingurua objektibo batetik begiratzen egongo bazina bezala ikusten duzu. Hori da afizio honek daukan gauzarik ederrena.

Dozenaka argazki egin dituzu Tubacexen, eta greba mugagabearen sinbolo bilakatu dira. Bakar bat aukeratu beharko bazenu, zein aukeratuko zenuke?

Oso zaila da bakar batekin geratzea. Langileak eserita eta buzo gorriak jantzita agertzen diren argazkia da asko gustatzen zaidan bat, kartel ugaritan azaldu egin da. Langileek duten jarrera oso adierazgarria da, baina batez ere begiradek liluratzen naute, borrokan tinko mantenduko direla ari dira oihukatzen begirada soil batekin.

Argazkian ez da poliziarik agertzen, ez da beste batzuk bezain espektakularra zentzu horretan, non akzioa askoz esplizituagoa den. Nabaritzen da, ordea, langileen aurrean badagoela norbait (polizia), tentsioa sumatzen da. Langile harrotasuna zer den oso ondo islatzen duen argazkia da.

Beste bi argazki kuttun ditut: Argia aldizkarian argitaratu zuten Tubacexeko langile biren arteko  ping-pong partidarena eta bi lagun barrikadaren aurrean besarkatuta  agertzen direna.

Maiatzaren 1ean argazki erakusketa egin zenuen Laudion, Tubacexen ateratako zenbait argazkirekin,.Nolako harrera izan zuen?

Kriston harrera ona izan zuen! Oso nekatuta bukatu nuen eguna, jende asko etorri baitzen zoriontzera eta argazkiak komentatzera, oso pozik geratu nintzen. Ahalik eta argazki gehien oparitzen saiatu nintzen langileen artean, azken finean eurak dira protagonista nagusiak. Beste asko nigana hurbildu ziren ere kopia bat eskatzera. Oraindik argazki asko geratzen zaizkit banatzeko. 

Tubacexeko argazkiekin beste erakusketarik egingo duzu?

Bai, noski! Erakusketa bateratua egin nahi dut bai nire argazkiekin, baita greba mugagabean zehar  argazkiak ateratzen egon diren argazkilariekin. Nik une asko jaso ditut kamerarekin, baina beste askotan ez naiz egon. Martxoaren 8ko piketean ez nintzen argazkiak egiten aritu, eta hori egun klabea izan zen Tubacexeko langileen borrokan. 

Horregatik borroka egun guztietan gertatutakoa argazkien bidez biltzea da asmoa, eta horiek denak duela 30 urte gertatutako lan-gatazkaren irudiekin uztartzea: gaur egungoak koloretan eta zaharrak zuri-beltzean. 
Langileon egoera zeinen gutxi aldatu den adieraztea eta borroka bide bakarra dela aldarrikatzea dira erakusketa horren helburuak.

Baduzu proiektu berririk esku artean?

Orain Tubacexeko argazkiekin nabil buru-belarri, baina dagoeneko pentsatu dut zein izango den nire hurrengo proiektuaren gaia: emakume boxeolariak.

Nire neska lagunak boxeoa praktikatzen du, eta dagoeneko lortu ditut kontaktu batzuk Iruñea aldean zenbait gimnasiotan argazkiak ateratzeko. Oso mundu ezezaguna da boxeoarena, fama txarrekoa, baina oso kirol polita da, liluratu egiten nau.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide