EUNICE SALVADOR

“Hona etorri nintzenean 'espainiar arruntak' topatuko nituela uste nuen, baina euskal kulturak ez du zerikusirik horrekin”

Aitor Aspuru Saez 2021ko eka. 14a, 07:00
Eunice Salvador Filipinetakoa da jatorriz, baina Vietnamen ere bizi izan da Laudiora iritsi aurretik . / Aiaraldea.eus

EUNICE SALVADOR (Filipinak) Laudion bizi da duela bi urte eta aurretik Vietnam igaro zituen 5 urte. Talka kulturalari buruz mintzatu da, baita hemen gogoko dituen gauzei buruz ere.

Filipinak dira zure jaioterria, nolakoa zen han zure bizitza?

Nahiko arrunta. Herri txiki batean bizi nintzen, Laudio bezalakoa, eta unibertsitatea bukatu nuenean, Manilara joan nintzen. Hiriburua da eta oso handia. Hango bizitza da hiri handietan dagoena; jendez gainezka dago eta kutsadura izugarria da.

Horregatik joan zinen gero Vietnamera bizitzera?

Ez, pertsona moduan hazi nahi nuen. Filipinak dira nire jaioterria eta han egon ninteke nahi dudanean. Esperientzia gehiago izan nahi nituen eta kanpoan ikasi. Tailandian, Kanbodian eta Hong Kongen ere egon naiz. Nire ahizpa Vietnamen ari zen lanean eta hartu ninduen.

Dena den, Vietnamera jo nuen ere ezin nuelako lana topatu. Esan dezakegu nire herrian diskriminazio modu batzuk daudela eta call center batean lan egiteko aurkeztu nuenean nire burua, esan zidaten nire ingelesa ez zela ona.

Orduan proposatu zidan ahizpak Vietnamera joatea eta dena aldatu zen.

Diskriminazioa aipatzen duzunean, zeri buruz ari zara, zehazki?

Ez da sexu bazterketa. Asia, oro har, leku irekia da gay izateko, baina lan munduari dagokionez, ahalik eta jende gazteena nahi dute. Ez da hemen bezala, batzuk 30 urterekin hasten direla lanean. Han pandemiaren ondorioz lan gabe geratu direnek, 30 urte baino gehiago izanez gero, ez dute lanposturik lortuko.

Eta Vietnamen nolakoa izan zen zure esperientzia heltzean?

Talka kulturala handia izan nuen. Inork ez zuen ingelesa hitz egiten! Nire lehen lana taberna batean izan zen eta gero arropa enpresa batean egon nintzen. Edonola ere, nik ez nuen pasiorik sentitzen lan horietan, harik eta haurreskola batean ingeles irakaslea behar izan zuten arte. Gonbidatu ninduten horretara eta orduan hasi nintzen ondo pasatzen.

Hala eta guztiz ere, leku batera joaten bazara bizitzen, beti egongo da hutsune bat, baina moldatu behar zara zure bigarren etxea izan dadin.

"Moldatzeko ohitura garatu dut eta oso gogoko dut hau. Oso berdea da eta ikuspuntua aldatu dit nabarmen"

Zer izan zen zuretzat onena Vietnamen?

Irakastea eta umeekin egotea. Bestalde, Vietnam oso gizarte irekia da eta jendea atsegina da. Gainera, jatorri anitzeko lagunak egiteko aukera duzu, Europako herritar asko daude, esaterako. Horrek zure burua irekitzea errazten dizu, beste kulturak ulertzen. Munduko leku ugaritik joan da jendea hara lanera, turistikoa baita. Gainera, toki polita eta merkea da.

Laudioar batekin ezkondu zinen eta hona etorri zineten, ezta?

Bai, nire senarraren ideia izan zen. Hong Kongen ezkondu ginen 2018an eta hona etortzea proposatu zidan. Vietnamen beti izango gara atzerritarrak eta hona etorri gara egonkortasuna lortzeko eta familia sortzeko.

Eta kultura talka izan duzu hemen ere?

Apur bat hasieran, baina ez asko. Moldatzeko ohitura garatu dut eta oso gogoko dut hau. Oso berdea da eta ikuspuntua aldatu dit nabarmen. Adibidez, orain osasuna eta dieta zaintzearen garrantzia presente dut. Hemen ikusten dut adineko jendea mendira igotzen eta konturatzen naiz posible dela.

Gogoko dut ere jende oro dagoela lanean eta oso langilea dela. Gustuko dudan beste gauza bat da norbait topatzen duzunean kalean “agur” edo “aupa” esatea, nahiz eta ez ezagutu. Ez dut horrelakorik inon ikusi inoiz. Jende orok agurtzen nau, oso atsegina da.

Duela zenbat bizi zara hemen?

Duela bi urte. Ezustean harrapatu ninduen jendearen izaera zuzena. Ez da ez zaielako axola zuk pentsatuko duzuna, baizik eta oso irekia dela hemengo gizartea horretarako.

Harridura sortu zidan ere Athleticen zaletasuna. Filipinaken saskibaloia da kirol nagusia, baina hemen jende orok dauka Athleticeko ikurra edo etxean. Pandemia hasi baino lehen, jendeak kalean burua galtzen zuen partida zegoenean. Umeak ere oso zaleak dira!

Bitxia iruditu zait ere oso garbi jaten dela hemen. Aintzat hartu beharra dago espainiarren kolonizazioaren ostean, amerikarrek kolonizatu zutela Filipinak. Guretzat eguneroko janaria dira pizza, hanburgesak... baina ez janari osasuntsua.

Aldiz, hemen hori zaintzen da, janari ekologikoa gogoko duzue eta horrek eragin dit nire burua ere zaintzea.

Nabarmendu nahi dut ere euskal kultura. Hona etorri baino lehen uste nuen “espainiar arrunta” topatuko nuela, nire herrian ezagutzen duguna, baina kultura ezberdina da, baita hizkuntza ere. Gogoratzen dut ume batek esan zidala “Euskal Herrikoa naiz”, hortaz, tentuz hitz egiten dut horri buruz.

Zein da zure erronka hemen?

Ezin dut asko aurreratu, baina negozio txikia ireki nahi dut. Horrez gain, jende gehiago ezagutu nahi dut, nire senarraren familia eta lagunak kenduta, ez baitut ezagun askorik.

Bide batez, hemen ikusi dut jendeak lagun taldea duela eta hori gogoko dut. Paseatzeko edo pote bat hartzeko euren kuadrilla dute. Hori oso ondo dago, maite dut ideia hori.

Zer botatzen duzu faltan zure herrialdetik?

Familia, janaria, eguraldia eta lagunak hitz egiteko. Ezin dut nire lagunekin aritu, eta oraindik ez daukat lagun talderik hemen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide