Duela gutxi igo duzue Blinded taldearen diskoa Bandcamp plataformara, zergatik?
Uste dut aspaldi genuen zorra zela. Euskarri fisikoa ez da guztiz amaitu, oraindik dagoelako jendea erabiltzen duena, baina sare sozialetan ez bazaude, ez zara existitzen.
Taldea aktibo ez egon arren, uste genuen sareratu behar genuela. Duela 6 urte igo nituen nik lehen abestiak eta azkenaldian, lagun batzuek animatuta, disko osoa jarri dugu entzungai.
Zure ekimena izan da, edo taldearena?
Berez, ez zegoen hitzartuta, baina guztiok genuen asmo bera. Noizean behin topo egiten dugunean taldekideok, aipatzen dugu. Azkenik, eginda dago. 18 urteren ostean, bazen garaia.
Blindeden historia kontatuko diguzu?
Bai. 1998an maketa kaleratu genuen, Mito izenekoa. Blindeden jatorria Laudioko Skuata da, edo Pinturen Etxea deiturikoa. Suzio Progreso izan zen hasieran eta hor Julio, Pascual eta Fernan izan ziren bultzatzaileak. Jende gehiago batu zuten proiektura eta urtebeteren ostean izena aldatu genuen. Garai horretan izenak ingelesez jartzeko moda zegoen, baina soinu berriak lantzea zen asmoa.
"Laudioko skuata hustu zutenean, poliziaren baimenarekin itzuli behar izan ginen musika tresnak berreskuratzera"
Gero skuata hustu zuten, lokal berriaren bilaketa... Berez, taldea skuatetik kaleratu zutenean ni ez nengoen Suzio Progreson. Horren ondoren batu nintzen.
Ni ere lokaletan ibiltzen nintzen, 17 urte bete berri, eta guztiok genuen musika tresnaren bat. Lagunen artean elkartzen ginen jotzeko eta 1994ko irailaren 28an espazioa hustu zutenean hutsune legal batean geratu ginen.
Inork ez zuen baimenik sartzeko. Hortaz, poliziaren baimenarekin sartu behar izan ginen gure musika tresnak berreskuratzeko.
Horren ostean, zenbait tokitan aritu ginen, Laudion ez baitzegoen lekurik entseguak egiteko. Azkenean, Larrazabalgo lokaletan batu ginen hainbat talde eta alokairua partekatuta egin genuen aurrera. Apurka-apurka, talde sorta osatu zen hor.
Maketa eta diskoaren artean, zein izan zen taldearen ibilbidea?
Blindedek pairatu zuen Laudioko taldeek sufritu duten gaitz endemikoa. Entsegu lokaleko taldeak izan gara. Nekez ateratzen ginen handik zuzenean jotzeko. Abesti berriak egiten genituen, baina ez genuen birarik antolatzen.
Maketa egin genuenetik diskoa grabatu arte, abestiak egiten jarraitu genuen. Ez ziren aurreko urtekoak, alegia 2, 3 edo 4 urte zituzten. Batzuk ez genituen grabatu. Bildu genituen 12, gogokoen genituenak, eta horrekin atera genuen diskoa.
Esan duzu ez zenutela kontzertu askorik eskaini, zergatik?
Deitzen ziguten jotzeko, baina ordutegiak ez ziren bateragarriak. Guztiok ari ginen lanean eta asteburutan jotzeko aukera genuen bakarrik.
Askotan ezetz esaten genuen oso urrun zelako kontzertua eta ez zitzaigulako errentagarria. Finean, Euskal Herrian jotzen genuen, gehienbat: tabernetan, gaztetxeetan, zentro okupatuetan...
"Blindedek pairatu zuen Laudioko taldeek sufritu duten gaitz endemikoa. Entsegu lokaleko taldeak izan gara. Nekez ateratzen ginen handik zuzenean jotzeko"
Noiz arte iraun zuen Blindedek?
2008 edo 2009, ez dut gogoratzen data zehatza. Jarraitu genuen entseguak egiten eta abestiak sortzen, baina azkenean ordutegiak uztartzeko ezintasunak eraman gintuen taldea uztera.
Berez, taldeko gainerakoek jarraitu dute gauzak egiten. Amankomun sortu zuten Blindedeko zenbait kidek, beste batzuk elkartzen dira orain berriro. Alegia, ikusi nituen duela egun batzuk eta ni bakarrik falta nintzen (barreak). Nik bukatutzat eman dut aro hori.
Hain zuzen, nire lana gehiago zen idaztea, musika egitea baino. Orain gogorra litzateke niretzat. Ez dut nire burua ikusten hori egiten. Orain bestelako lehentasunak ditut. Gehiegi konprometitzea litzateke.
Blinded oraindik entzun ez duenarentzat, zer musika mota egiten zenuten?
Oinarria zen eskualde honetan garai horretan egiten zena, trash-metal generoa, hardcore kutsuarekin eta death-metal ukituekin.
Letrak ziren agian bitxiena. Musika mota horretan ohikoan egiten zenari bestelako ikuspegia ematen saiatu nintzen. Gai sozialak lantzen nituen, baina saiatzen nintzen olerkia edo iragazki intimistagoa baliatzen.
Abesti askok zuten izenburu bat, baina ia osorik irakurri behar zen esanahia zein zen jakiteko. Izan ere, batzuek ikuspuntu ezberdinak zituzten abesti bakoitzeko.
Talde moduan zeintzuk ziren zuen erreferenteak?
Nire kasuan Ruido de Rabia, argi eta garbi, eta musikan eragin handi zuen Carcassek, Gorefestek eta horrelako trash eta death metal taldeek, 90eko hamarkadakoak.
Hainbeste urteren ostean, zein kutsu utzi dizu taldeak?
Oso aro polita izan zen guztiontzat, orain baino askoz gazteagoak ginen ere. Harro sentitzeko moduko gauzak egin genituen, beste modu batean egiteko aukera zegoen, baina oso ondo egin genituen.
Gure garaiko bitarteko urriekin disko nahiko profesionala grabatu genuen. Iñigo The Drellaseko kideak lagundu gintuen horretan, eskarmentu handia baitzuen. Horretarako, entsegu lokalean grabaketa estudioa eraiki genuen eta ez ginen izan bakarrak bertan grabatzen.
Bandcamp bidez Blinded ezagutzen dutenei zer esango zenieke?
Jende askok aipatu dit berriro entzun ostean badirudiela denbora ez dela igaro. Oso soinu garaikidea dauka. Egun edonork grabatu dezake musika bere etxean, ordenagailuan edo sakelakoan, baina garai horretan ez zen horrela. Batzuentzat ezustekoa izan da 18 urteren ostean horren soinu garaikidea izatea.