Harropuzkeriaz jokatzea leporatu die Omniak EAJ eta PSE-EEri

Aitor Aspuru Saez 2021ko eka. 12a, 08:00

Omniaren aburuz, gehiengoa modu okerrean baliatzen dute EAJk eta PSE-EEk. / Aiaraldea.eus

Alderdi laudioarreko kideek oharra zabaldu dute gogor kritikatzeko udal gobernu taldearen jarrera. Omniaren ustez, EAJk eta PSE-EEk gehiengo baliatzen dute harropuzkeriaz jokatzeko oposizioarekin eta herriarekin.

Omniaren udal taldeak oharra plazaratu du kritikatzeko Laudioko udal gobernu taldeak duen jarrera udalbatzetan eta batzordeetan. Alderdi independentearen aburuz, "boterea burura igo zaie" eta harropuzkeriaz jokatzen dute EAJk eta PSE-EEk. Omniaren ustez, jarrera horrek laudioarren interesen kontra egiten du.

Hiru adibide jarri dituzte hori argudiatzeko. Lehenik eta behin, maiatzean eztabaidatutako mozioa -Omniak berak proposatuta- kiroldegiko bazkide berriek kuota erdia ordaintzeko, aurretik bazkide zirenen kopuru bera, alegia. Joseba Amondok erantzun zien udalbatzan aurretik esan ziela ez zutela hori egingo. Omniak azpimarratu du udala bazkide berriak baztertzen ari dela eta ez duela aintzat hartzen laudioarren kaltea.

Apirileko Udal Osoko Bilkura ere izan du hizpide Omniak, salatuta EAJk eta PSE-EEk uko egin ziotela mozio bat adosteari, Larrialdiko Laguntzen ordainketaren atzerapenak konpontzeko. 

Aiarako Kuadrillaren egoitzaren afera

Azkenik, Omniak Aiarako Kuadrillaren egoitzaren afera hartu du udal gobernu taldearen jarrera irudikatzeko. Alderdi laudioarrak ziurtatu du egoitza hori, legez, Laudion egon behar dela eta, ondorioz, ez dagoela eztabaidarik horretan. Hori argi uzteko, mozioa aurkeztu zuten eta EAJk eta PSE-EEk beste bat eraman zuten udalbatzara, Aiarako Kuadrillak berak hausnartu dezan zein izan behar den azpiegituraren kokapena. Omniaren iritziz, prozedura hori baliatzen dute sozialistek eta jeltzaleek laudioarren mesederako ez diren erabakiak hartzeko eta euren interesekoak ez diren ekimenen aurka egiteko, ezezko botoa ematera mugatu ordez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide