2019. urtean Tubacexen jazotako bi lan-heriotzak salatzeko ekimenak azaroaren 30ean helduko dira epaitegira. Fiskaltzak eta Tubacexeko zuzendaritzak 7.000 euroko kalte ordainak eskatu dizkiete Ernai gazte antolakundeko kideei, lantegiko fatxadaren aurka pintura gorria jaurtitzeagatik.
Tubacexeko grebalariekin batera azaldu dira gaur agerraldian Ernaiko kideak. Lan-heriotzak "izurrite makabro" bat direla adierazi dute, eta ziurtatu dute hauen aurrean ez direla besoak gurutzaturik geratuko. "Ernaiko kideak eskualdeko langileen aldamenean egongo gara beti, jasaten dugun kolpe bakoitzari, batasunez, borrokaz eta antolakuntzaz erantzunez. Izan Tubacexen edo izan beste edonon, borroka baita bide bakarra!".
Aiaraldeak eta orohar langileriak bizi duen miseria egoeraren aurrean ezin gara besoak gurutzatuta geratu.
— Ernai Aiaraldea (@ErnaiAiaraldea) June 11, 2021
Azaroaren 30ean izango dugun epaiketan 7.000€ko eskaerari aurre egin beharko diogu.
Baina guk, oraina margotuz, geroa eraikitzen jarraituko dugu!
[HARIA] pic.twitter.com/sLoekUTJtk
Elkartasun margoa
Isun ekonomikoari aurre egiteko elkartasun esprai poteak jarriko dituzte salgai, 10 eurotan. Ekarpen ekonomikoa jasotzeaz gain, kaleak astintzeko deia egin nahi dute horrela Aiaraldeko gazteek. Gainera, Tubacexeko fatxada margotzeko erabilitako su-itzalgailu bat ere zozketatuko dute. Zozketan parte hartzeko txartelak Txokogorri, Mugalde, Itxina eta Ilargi tabernetan jarriko dituzte salgai.