ZAINTZA

San Roke adinekoen egoitzako erizainek salatu dute "gainesplotatuak" daudela eta ez dutela oporrak hartzeko aukerarik

Aitor Aspuru Saez 2021ko eka. 13a, 16:00

San Roke adinekoen egoitza. / Aiaraldea.eus

Laudioko San Roke adinekoen egoitzako erizainek aldarrikatu dute Arabako Foru Aldundiak erizain gehiago kontratatu behar dituela bajak eta lanaldi murrizketak ordezkatzeko eta egungo langileek sartutako aparteko orduak eta oporrak hartzeko.

Laudioko San Roke adinekoen egoitzako erizainek Aiaraldea Komunikabideari azaldu diote Arabako Foru Aldundiko zerbitzuan egoera muturrekoa dela. Alde batetik, gainesplotazioa salatu dute: "Duela urtebete baino gehiago hasi zen pandemia eta aurten, denak horrela jarraituz gero, ez dugu aukerarik izango ez oporrak, ez egindako aparteko orduak gozatzeko, ez baitute ordezkorik kontratatu".

Bestalde, langile publikoek azpimarratu dute egungo zerbitzua alarma gorrira heltzear dagoela kalitatearen aldetik: "Egoitzan 6 erizain gara eta eguneko zentroan beste bat. Orain bat dago bajan eta bik lanaldi murrizketa dute. Aldundiak ez duenez ordezkorik kontratatu, gure artean betetzen ditugu bajak eta murrizketak. Txandak bikoizten ditugu eta horrek eragina dauka erizaintza zerbitzuaren antolakuntzan eta kalitatean. Gutxiengo zerbitzuetatik oso hurbil gaude".

Gerentziak iradoki die euren artean moldatzeko egutegia, baina langileek ez dute uste horrek gutxieneko zerbitzua bermatuko duenik

Oporrik ez, librantzarik ez

Zaintza esparruko langileek nabarmendu dute oso nekatuta eta etzituak daudela: "Ez da urte arrunta izan, lan karga handia izan dugu, protokolo aldaketa ugarirekin. Hemen egindako aparteko lan orduak ez dira ordaintzen, librantzen bidez hartu behar dira, baina ordezkorik gabe, hori ezinezkoa da. Hortaz, batzen zaigu oporrik ez dugula eta, gainera, dagokizkigun librantzak ezin ditugula gozatu".

Beharginek diotenez, aldundiko gerentziak iradoki die euren artean moldatzeko egutegia, baina langileek ez dute uste horrek gutxieneko zerbitzua bermatuko duenik.

Kontratazio gehiago

Erizainentzat arazoa da Arabako Ongizate Gizarteko Institutuaren ezintasuna erizain gehiago kontratatzeko: "Osakidetzako kontratuak hobeak direnez, Aldundiak ezin izan ditu erizainak kontratatu. Guk esan diegu kontratuak hobetzeko edo deialdia zabaltzeko, baina horrela ezin dugu jarraitu. Lan karga honekin litekeena da baja gehiago egotea".

Landa eremua baztertuta

Erizainek gehitu dute institutuak erabat utzita duela landa eremua: "Gasteizen moldatu dira erizainak erakartzeko, baina Laudion eta Amurrion ez dago langile berririk. Amurrion egoera ez da hain muturrekoa, baina beste bi erizain ere beharko lituzkete".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide