Aurten ere ez da egongo Areta Trail lasterketarik. Aukera guztiak agortu ostean, antolakuntzak iragarri zuen ostiralean ez duela aurrera egingo aurten eta espero dutela 2022an itzultzea.
Arrazoiei buruz galdetuta, antolatzaileek argudiatu dute egungo egoeran ezin ziotela probaren izaera herrikoiari eutsi. "Gehienez 20 lagunek parte har dezakete aldi berean, eta Areta Trail lasterketaren ezaugarri nagusia da herrikoia dela. Hau da: ahalik eta jende gehienek parte hartzea, norberaren mailari garrantzirik eman gabe. Krono eredua baliatzea, adibidez, ez dugu ezta baloratu ere", azaldu du antolakuntzako kide batek.
Horrez gain, nabarmendu beharra dago Areta Traila bertako jaien testuinguruan egiten dela eta aurten ez dela ospakizunik egongo, osasun egoera dela medio.
Gauzak horrela, antolakuntzak mezu argia zabaldu nahi du, aurten ez dela probarik egongo, baina 2022an indarberrituta itzuliko direla.