Publikoaren eta aktore onenaren zilarrezko biznagak jaso ditu Esti Urresolaren Polvo somos filmak Malagako Zinema Jaialdian. Hain zuzen, Goize Blancok jaso du antzezle onenaren aitortza.
Bi aitortza horiek berebiziko garrantzia izan dezakete filmaren ibilbidean, Malagako Jaialdia baita Goya sarietarako hautatuak izango diren filmak sailkatzeko erabiltzen den topaketetako bat.
Sari ugari
Malagakoak ez dira izan Urresolaren ikus-entzunezkoak jasotako lehen sariak. Zinebi jaialdiaren 62. edizioa estreinatu zen pelikula, eta bi jaso zituen bertan: Euskal Zinemaren Saria eta SGAE fundazioak gidoi onenari ematen dion aitortza. Gasteizko Cortada jaialdian, aldiz, Arabako filma labur onena gisa hautatu zuten, eta pelikula motz onena izan zen Euskal Zinemaren astean.
Laburbilduz: hiru jaialditan estreinatu da filma orain arte, eta hiruretan lortu ditu aitortza garrantzitsuak.
Hileta baten testuinguruan batzen diren lau emakumeren istorioa kontatzen du filmak, euren arteko harremanetan sakonduta. Goize Blancoz gain, Jone Llaspiur ere agertzen da pelikulan, aurtengo Goya sarietan errebelazioko aktore onena izendatutakoa. Ilargi Molinillo haur laudioarrak ere antzezten du ikus-entzunezkoan, familiako ilobaren papera egiten.