Mozioa erregistratu du Omniak udaletxean, ekaineko Udal Osoko Bilkuran eztabaidatua izan dadin. Laudion dagoen txertaketa gunea irekita mantentzea eskatu du talde politikoak.
Azaldu dutenez, “udaletik kanpoko informazio iturri batzuen bidez” jakin izan dute Osakidetzak gunea itxi nahi duela, eta horren aurrean “plantoa” egiteko deia zabaldu dute.
Alderdi laudioarraren aburuz, gunearen itxierak arriskuan jarriko du biztanleria, ez dagoelako zonaldearen beharrak asetuko dituen ospitalerik. “Hau adibide bat baino ez da eta onargaitza da Laudiorentzat eta eskualdearentzat”.
Omniaren aburuz, Laudioko txertaketa guneak “alferrikako bidaiak” egiteari uzteko balio izan du, Galdakaoko ospitalera iristeko garraioak mugatuak direlako.