JEZ enpresako zuzendaritzak eta sindikatuek akordioa lortu dute lan hitzarmena sinatzeko

Aitor Aspuru Saez 2021ko eka. 17a, 09:43
JEZ enpresan gatazka berezirik gabe berritzear daude lan hitzarmena.

Langileek atzo bozkatu zuten proposamena eta gehiengoak babestu zuen enpresako arduradunen eta sindikatuen artean adostutakoa.

JEZ enpresako lan hitzarmena sinatzeko bidean dago jadanik. Oraindik azken dokumentua berrikusi, sinatu eta Eusko Jaurlaritzara bidali behar den arren, prozesuaren zatirik zailena gainditu dute bi aldeek.

Behin betiko 10 kontratu

Izan ere, gatazkak baldintzatutako urte honetan, sindikatuek lehentasuna eman diote enplegua mantentzeari. Horrela, gehien borrokatu duten puntua izan da indarrean dauden errelebo kontratuak behin betiko kontratazioak bilakatzea.

Horrek ez du esan nahi, ordea, kontratu mota hori duten 10 langile horiei eskainiko zaizkiela postuak.  "Behin behineko kontratuak dituzten beste beharginei ere proposatu diezaieke enpresak behin betikoa. Gure helburua da 10 lanpostu horiek modu prekarioan ez betetzea edo ez suntsitzea", azaldu dute iturri sindikalek.

Edonola ere, bestelako hobekuntzak jasoko ditu lan hitzarmenak. Esaterako, bulegoetan ordutegien malgutasuna zabalduko dute, adingabeen zaintza -eskolako ordutegiak- bateratzeko betebehar profesionalekin.

Alde ekonomikoa

Horrez gain, esparru ekonomikoan ere eragin positiboa izan du akordio berriak, ELA eta LABen ustez. Berez, aurten 200 euroko aparteko ordainketa jasoko dute eta hurrengo urtean 220 eurokoa. KPIren igoera kopuru hori baino handiagoa izango balitz, osatuko litzateke zenbaki horretara heldu arte. Langile ordezkarien aburuz, "mesedegarria da lineala izatea aparteko soldata hori, berdin eragingo baitie gehien zein gutxien kobratzen dutenei".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide