Laudioko Udalak omenaldia egin dio gaur Uxue Mendia futbol jokalariari. Herriko atzelariak maila igoera lortu du Alaves taldearekin eta, gauzak hala, Gasteizko kluba 1. mailan arituko da hurrengo denboraldian.
Ander Añibarro alkateak nabarmendu du emakumezkoek askoz egoera zailagoa daukatela euren kirol jarduera garatzeko eta horrelako lorpenek ikusgarritasuna ematen dietela futbolariei.
Altzarrate klubak ere aitorpena egin dio Mendiari eta eskertu dio bere ereduarekin erreferente bilakatu izana tokiko futbol jokalarientzat. "Hori izugarri mesedegarria da gure lana egiteko, hemengo gazteak animatzen baititu", azaldu du Iñigo Egigurenek.
Uxue Mendia pozik agertu da, ezustea izan baita ekitaldia. Bere aitak eraman du udaletxera ezer azaldu gabe eta sorpresa izan da dena.
Jokalariak elkarrizketa egin du Aiaraldea Komunikabidearekin eta aste honetan argitaratuko dugu. Besteak beste, aipatu du hurrengo denboraldian ez duela Alavesen jarraituko eta ziurtatu du eskertuta dagoela Gasteizko klubari dagokionez. Hala ere, hausnarketa prozesuan dago, erabakitzeko zer egingo duen etorkizunean kirolean, ikasketak bukatu baititu aurten.