CARLI DONSCH

“Alemaniako mugimendu kultural eta politikoa hiri handietan pilatuta dago. Hemen, aldiz, herri txikietan ere badago”

Txabi Alvarado Bañares 2021ko eka. 25a, 09:04
Carli Donsch. / Aiaraldea.eus

CARLI DONSCH (Alemania 1980) duela urte batzuk etorri zen Aiaraldeara bizitzera, Amurriora hasieran eta Laudiora azkenik. Aurretik Madrilen eta Berlinen ere bizi izan da. Bere esperientzia kontatu dio Aiaraldea Komunikabideari.

Zenbat denbora daramazu Laudion bizitzen?

Ez dut ondo oroitzen. 2009-2010 urteen artean iritsi nintzen. Ia 12 urte daramatzat hemen. Alemaniako hego-ekialdean jaio nintzen, Saarland probintzian.
Hona etorri baino lehen Berlinen egon nintzen bizitzen. Maitasunagatik etorri nintzen (barreak). Nire bikotekide ohia Amurriokoa da. Berlinen ezagutu genuen elkar eta denbora bat igaro genuen distantziazko harreman batean eta Berlinera etorri zen gero nirekin bizitzera. Ikasten nengoen garai hartan, eta ikasketak amaitzean etorri ginen Aiaraldera. Amurrion bizi izan nintzen lehenbizi, Muruetara (Orozko) joan nintzen gero, eta Laudion amaitu dut. Alemaniako hiri “txiki” batean hazi nintzen, 40.000 biztanlekoa. Ez zen txikia, baina txikia egiten zitzaidan. Ez zegoen bizitza askorik. Gaueko aisialdi handiagoa bilatzen nuen gaztetan (barreak). Madrilen egin nuen Erasmusa, eta ondoren joan nintzen Berlinera. Beti izan dut gustuko bidaiatzea, eta gaztetatik nuen  buruan Alemaniatik joatea.

Berlin ez zitzaidan handiegia suertatu, baina gauza batzuk botatzen nituen faltan bertan, espazio berdeak, adibidez.  

Hemen gauzak hurbilago daude, eta bizitza gehiago herrietan. Alemaniako herriek abandonatuagoak dirudite, persona nagusiak soilik daudela dirudielako. Ez dago eskaintza kultural handirik.Berlinen badaude parkeak, baina ez etxetik bost minutura. Hemen, aldiz, etxeko atarian ditugu berdeguneak.

Madrilen egonda, gaztelera ikasiko zenuen bertan, ezta?

Bai, hori da. 2003. Urtean egin nuen Erasmusa Madrilen. Berlinen, aldiz, legeztatutako etxe okupatu batean bizi izan nintzen. Etxe horrek lotura estua zuen Euskal Herriarekin. 

Hainbat euskal herritar igaro ziren bertatik, eta bisitak ere ugariak ziren. Egunero hitz egiten nuen gazteleraz. Enpresen administrazio ikasketak egin nituen, ingelesez eta gazteleraz. Tituluarekin iritsi nintzen.

Euskara zailagoa da. Nire inguruko jende guztiak gazteleraz hitz egiten du, lagun euskaldunak ere baditudan arren. Gauzak hala, ez dudanez egunerokoan behar, euskara, momentuz, oso txarto (barreak).

Hitz asko dakizkit, baina aditzak eta deklinabideak falta zaizkit. Nire semeak bost urte ditu eta ikastolara doa. Nire egungo senarrak ere badaki, eta apurka banoa ikasten.

Berlin erreferentziatzat hartu izan da sarritan, ikuspegi kultural zein politikotik batez ere.

Berlinen denetarik dago. Ni punk eszenatik nator, okupazio mugimendutik, ezkerrekoa, “zuk zeuk egin” filosofian oinarritua. Baina Alemaniako herrietan ez dago horrelako mugimendurik, salbuespenak salbuespen. Jende gaztea herrietatik Berlin, Hamburgo edo beste hirietara joaten da.Hemen, aldiz, herrietan ere existitzen dira horrelako mugimenduak. Batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago, baina herri gehienetan daude gaztetxeak. Oso gogoko dut hori. Ni Orbekon aritzen naiz.Nire jatorrizko hirian bagenuen gune autogestionatu bat. Gauza ugari egiten genituen, baina ni joan eta gutxira desagertu zen mugimendua. 40.000 biztanleko hiria da, eta jada ez dago halako proiekturik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide