Nolakoak izan dira pandemiak baldintzatutako azken bi ikasturteak?
Laudio Institutuan ikasi dut. Iazko ikasturtea ohiko moduan hasi zen, baina martxoan joan behar izan ginen etxera, itxialdian, COVID-19a dela medio.
Orduan hasi ginen bideo-deiekin klaseak ematen. Hezkuntza eredu berria izan zen ikasle zein irakasleentzat eta ez genuen asko ikasi. Ez zen kalitate onekoa izan.
Etxean geunden egun guztian lau hormen artean eta leku berean ikastea, atseden hartzea eta aisialdia pasatzea ez da onena arreta mantentzeko.
Batxilergoko bigarren urtean neurri berrietara moldatu behar izan ginen, eta gauza batzuk ezin izan ditugu egin.
Esaterako, nik kimika ikasi dut eta ez ditugu esperimentuak egin laborategian. Nire kasuan etxean itxialdian egon nintzen COVID-19 dela eta. Bi astez jarraitu nituen klaseak etxetik. Ordenagailua zegoen klasean eta ni konektatzen nintzen, baina ez zen gauza bera.
Hautaprobak izugarri baldintzatu du zuen bizitza, ezta?
COVID-19a izanez gero, edo harremana izanez gero norbaitekin gaixo egon dena, ezin zenuen hautaproba egin. Egia da aukera zegoela uztailean egiteko lehen deialdia izango balitz bezala, baina nik ikasi dut azken hilabetean eta klasera joan naiz birpasatzeko. Ezin nintzen beste hilabete bat etxean egon ikasten.
Hortaz, azterketak baino 10 egun lehenago itxi nintzen etxean. Ez nintzen joan ez eskubaloira, ez ingelesera. Bakarrik joan nintzen klasera birpasatzeko. Ez nintzen lagunekin ez familiarekin atera kalera. Paseo bat egitera ateratzen nintzen gehien jota.
Nire eskubaloi taldean guztiok egin dugu hori. Taldeko batek COVID-19a igaro zuen eta ez zuen beldurrik, baina denbora behar zuen ikasteko.
Zer egin duzu orduan?
Kirola praktikatzeari utzi nionez, etxean egin dut jarduera fisikoa, deskonektatzeko. Youtube erabili dut horretarako. Tarteka atsedenaldiak hartzen nituen; musika, sakelakoa, filmeren bat...
Nota ona behar duzu?
Medikuntza ikasi nahi dut, hortaz, bai. Nota altua behar dut. Iaz 12,8 izan zen gazteleraz eta 12,6 euskaraz. Presioa barruan nuen.
Aztertzaileek aintzat hartu dute egoera berezian ikasi duzuela?
Ez da urte arrunta izan. Hautaproba egiteko eredua iazkoa izan da. Errazagoa izan da. Bi azterketa ereduren artean hautatu ordez, hobeto zetorkigun galderekin bakarra osatu genuen, biak nahastuta.
Hala ere, aintzat hartu beharra dago denbora luzez itxialdian egon ostean, ikasgai batzuk ez dituzula ondo landu, eta horiek hautaproban sartzen badira, arazoa da.
Segurtasun neurriak egokiak ziren?
Guk Gasteizko Koldo Mitxelena liburutegian egin genituen. Eskualdekoak ginenok hor batu ginen: Lanbide Heziketa, Ikastolak, Institutua...
Neurriak onak ziren, baina sarreran guztiok pilatu ginen. Gero, abizenen orden alfabetikoan deitu gintuzten eta neurriak mantendu ziren. Adibidez, azterketa amaitzean bazegoen jendea esateko ezin ginela han geratu. Musukoa, gelak, segurtasun distantziak, edukiera ere murriztua... Nire gelan 20 ikasle inguru geunden.
Orokorrean zein sentsazio izan duzue klasean?
Hainbat motatakoak. Alde batetik, askatasuna, bukatu dugulako hautaprobarekin. Irailetik gure buruei jarritako helmuga da eta egunero egon da presente klaseetan. Baina, bestalde, azterketa batzuk zailak izan dira eta nahasketa bat dago.
Jende askok baloratuko du uztailean ere egitea?
Nik uste dut jende gehiena moldatuko dela zeuden aukeretara. Ez bada lehenengoan, bigarren edo hirugarren deialdian egingo du jende gehienak, ez dutelako nahi hiru aste gehiago ikasi. Nire kasuan, beharrezkoa balitz, ahalegina egingo nuke.