Esencias de mí liburua plazaratu berri duzu, baina aspalditik duzu idazteko zaletasuna. Zerk bultzatu zaitu une honetan argitaratzera?
Urte asko daramatzat idazten, nerabezarotik. Zaletasun bat zen, eta familiako kide batzuek zekiten gustuko nuela, nire senarra tartean.
Betidanik idatzi dut poesia, transmititzeko eta sentitzeko modu bat delako. Badut prosa ere jorratzeko asmoa, baina momentuz ez dakit nola.
Horrenbeste urtez idazten igaro eta gero, argitaratzeko ilusioa sortzen da. Badut lagun bat ipuin laburrak idatzi eta argitaratu dituena, eta testu ugari trukatu ditugu. Berak animatu ninduen argitaratzera. Zalantzak nituen, baina saltoa ematea erabaki nuen, eta liburu hau da emaitza.
Nolakoa izan da argitaratze prozesua?
Oso erraza. Nire lagunak bi argitaletxe proposatu zizkidan, eta Círculo Rojo hautatu nuen. Eskuizkribua bidaltzea eskatu zidaten, eta handik hamar egunera esan zidaten argitaratuko zutela.
Pandemiak izan al du eraginik liburuaren idaztetan?
Ez. Ni idaztera mugatzen naiz, horretarako gogoak ditudan uneetan. Ezagutzen dut pandemia idazteko baliatu eta gero idatzitakoa argitaratzera animatu den jendea, baina nire kasuak ez du zerikusirik.
Liburu laburra da, olerkiz osatutakoa.
Bai, denetarik dauka. Lehen zatia nire bizitzako lehen urteei egiten die erreferentzia. Badago bigarren zati bat duela ez asko idatzitakoa eta azken zatia duela gutxi idatzi dut. Jende askok esan dit liburu txikia dela, idazten daramatzadan urteak kontuan hartuta. Ikusiko dugu ea etorkizunean beste bat argitaratzen dudan, baina ez nuen liburu mardula plazaratu nahi. Naizenaren isla txikia da liburua.
"Olerki batzuk unean uneko sentimenduak dituzte hizpide. Beste batzuk, aldiz, bizitako historiak kontatzen dituzte... edo bizitzeko pentsatutako istorioak"
Zure bizitza duzu hizpide, beraz?
Beno, badaude nire bizitzaren zati batzuk, baina baita fikzioa ere, denetarik. Olerki batzuk unean uneko sentimenduak dituzte hizpide. Beste batzuk, aldiz, bizitako historiak kontatzen dituzte... edo bizitzeko pentsatutako istorioak (barreak). Nire bizipenak, pentsamenduak, egunerokoa, etapak... bildu ditut liburuan.
Elkarrizketa batzuetan aipatu duzu olerkietako batzuk jendea laguntzera bideratuak daudela.
Nik ez ditut olerkiak jendea laguntzeko idatzi, baina pertsona batzuek aipatu didate liburuak lagundu egin diela. Ez dakit zertan lagundu dien, baina hala da. Pertsona batek aipatu zidan berari balio izan diola eguneroko arazoetatik ihes egiteko.
Harrera ona izan du, beraz.
Bai. Bitxia da, baina harrera oso ona izaten ari da. Iritzi negatibo gutxi daude. Arraroa iruditzen zait, baina oso pozik nago horrela izateaz.
Zure olerki guztien lagin txiki bat bildu duzu liburuan. Baduzu lagin gehiago plazaratzeko asmorik etorkizunean?
Badut bigarren liburu bat idazteko asmoa, baina aurrerago. Denbora eman nahi diot lehen liburu honi, zer nolako bidea egiten duen ikusteko. Aurrerago baloratuko dut zer egin. Baditut olerki gehiago sortuta, eta idazten jarraituko dut.