Espainiako Tenis Txapelketan aritu da Ander Urkiza, onenen aurka lehiatzen

Txabi Alvarado Bañares 2021ko uzt. 2a, 12:53

Ander Urkiza, Laudioko tenis pistan. / Laudio Tenis Kluba

Final-zortzirenetan kanporatu zuten Laudio Tenis Klubeko gaztea, baina Espainiako Estatuko onenen aurka neurtzeko aukera izan zuen hori baino lehen. 

Madrilen egon da Ander Urkiza ekainean, Espainiako Tenis Txapelketan parte hartzen. Kimu kategorian lehiatu zen Laudio Tenis Klubeko kidea, Euskadiko Txapelketa irabazi eta gero. Klubeko entrenatzailea, Andoni Agirretxe, ere bertaratu zen, kapitain moduan lehiatzera, sei umerekin. 

Final-zortzirenetan kanporatu zuten Urkiza, baina oso ondo aritu zen norgehiagokan, Agirretxek azaldu duenez: “Ikaragarria izan zen. Lehen partidan Zaragozako mutil bati irabazi zion. Hiru ordu eta erdi iraun zuen partiduak”.

Hurrengo norgehiagokan, aldiz, ez zuen gailentzerik izan, Espainiako Estatuko sailkapenen gorenean dagoen jokalari baten aurka aritu zelako. “Oso ondo lehiatu zen”, ziurtatu du entrenatzaileak, eta esperientzia “hunkigarria” izan zela nabarmendu du. “Kontuan hartu behar da Ander bost urte zituela hasi zela klubean. Bere ibilbide osoa jarraitu dugu”. 

Udalekuak antolatu dituzte tenis klubeko kideek, "kirola eta hizkuntzen ikasketa uztartzeko"

Urte hauetan guztietan klubak izan duen garapena goraipatu du Agirretxek: “hasi ginenean ez genuen pista bat ere. Orain, aldiz, bi pista ditugu eta neska-mutiko asko daude entrenatzen”. 

Udalekuak

Lehiaketak amaituta, udalekuetan buru-belarri sartu dira Laudio Tenis Klubeko kideak. Kirola eta hizkuntzak dira egonaldien ardatzak. “Euskara eta ingelesa baliatzen ditugu klaseetan”, nabarmendu du Agirretxek, “sei astez luzatuko dugu ekimena, eta lehen hiru asteetako plazak beteta daude dagoeneko”. 

Datorren ikasturteari begira

Irailetik aurrera, orain arteko helburu berari helduko diote klubeko kideek: “hazten jarraitzea”. Tenis eskola izango dute horretarako lanabes. “Oso talde osatua gara, beteranoak eta haurrak ditugu”. Horregatik, “hobetzeko tarte handia” dutela uste du Agirretxek: “orain tenis pista estalia dugu, eta asko laguntzen digu klaseak ematerako orduan”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide