Hamargarren postua lortu du Oihana Moyak munduko Last Chance Qualifier crossfit txapelketan, Europan 8. eta Espainiako Estatuan lehenengo geratu ostean. Asteburuan egin ziren azken norgehiagokak, telematikoki. “Antolatzaileek ariketak bidaltzen zizkiguten eta guk ordu tarte zehatz batean egin behar genituen kamararen aurrean”, azaldu du Moyak. 235 puntu lortu zituen guztira, eta lehen postuan geratu zen norgehiagokako bigarren ariketan.
Kirolari laudioarra pozik dago lortutako emaitzarekin, ez baitzuen espero horren urrun iristea. Izan ere, lortu duen markarekin Estatu Batuetako Crossfit Games 2021 txapelketarako sailkatzeko zorian egon da. “Munduko onenak lehiatzen dira bertan”, zehaztu du.
Aurrera begira
Orain, apur bat atseden hartzeko asmoa du Moyak, baina ez da geldirik egongo. “Txapelketa pare batera aurkezteko asmoa dut. Lehena uztailean da Balentzian eta bigarrena urrian, Madrilen”.
Datorren urteari begira, aldiz, helburu argia du kirolariak: Estatu Batuetako Crossfit Games norgehiagokan sartu eta, modu horretan, onenekin lehiatzeko aukera izatea.