Dozenaka sortzaile bertaratu dira gaur Laudioko Kultur Sareak antolatutako kultur-sorkuntza azokara. Herrian kulturgintzak bizi duen "egoera larriari" irtenbidea ematea izan da egitasmoaren helburu nagusietako bat. Izan ere, pandemiaz geroztik asko murriztu dira Laudioko kultura espazioak.
Azokaren antolatzaileek kulturgile eta sortzaileen arteko sare bat ehuntzeko lanetan ari dira, eta gaurko azoka bide horren baitako mugarri berri bat bezala irudikatu dute. Datozen hilabeteetan egitasmo gehiago plazaratuko dituztela iragarri dute.
Azokak bakarrik ez, hainbat sortzaileen ikuskizunek ere hartu dute Aldai Plazako oholtza. Bertatik igaro dira, besteak beste, Izaskun del Cerro piano jolea, Ainhize Solaun dantzaria, Igor Arzuaga musikaria edota Leire Ugarte olerkaria.