JOSU HERNANDEZ

"Jendeak ez daki zein sakrifikatua den kirol hau"

Aitor Aspuru Saez 2021ko uzt. 17a, 10:00
Munduko txapeldunaren domina eskuratu du Josu Hernandezek. / Aiaraldea.eus

JOSU HERNANDEZ (Laudio, 1987) Classic Bodybuilding munduko txapelketan parte hartu zuen WABBA federazioaren bitartez eta irabaztea lortu zuen. Bere kirolari eta bizitako esperientziari buruz mintzatu da.

Classic Bodybuilding WABBA txapelketa irabazi zenuen pasa den asteburuan, nolakoa izan da esperientzia?

 

Oso ona. Txapelketaren maila oso altua zen, mundu osoko atletekin. Nire lehenengo nazioarteko txapelketa izan da eta, zorionez, urrezko dominarekin itzuli naiz.

 

Uztailaren 8an, ostiralean, joan nintzen Perugiara, Italiara. Madriletik Romara hegan egin nuen eta handik autobusa hartu nuen Perugiara. Igandean hasi zen lehiaketa, 11:00etan.

 

Zertan datza horrelako txapelketa bat?

 

Egin behar diren pose batzuk daude. Horien araberakoa da puntuaketa eta giharrak erakutsi behar dituzu; definizioa, tonoa, lehortasuna. Garrantzitsua da jakitea giharren mozketa eta definizioa erakusten.

"Dena oso arautua dago kirol honetan; noiz jan gehiago, noiz galdu pisua..."

 

Behin baino gehiagotan egin behar izan nuen. Lehenik eta behin, parte-hartzaile guztiak atera ginen eta gero bost finalistak hautatzen zituzten.

 

Finalistek derrigorrezko pose guztiak egin behar dituzte berriro eta, gainera, minutu bat daukate koreografia egiteko pose libreekin. Nik musika epikoa jarri nuen.

 

Zure lehenengo nazioarteko txapelketa da, baina asko lehiatu zara orain arte, ez?

 

2016an egin nuen lehenengo aldiz. Esperientzia moduan hartu nuen, jakiteko ea gogoko nuen eta zer nolako sakrifizio eskatzen duen. Egia esanda, gustukoa izan nuen, gero eta gehiago harrapatu ninduen eta hobetzen jarraitu nuen. 2019an Espainiako Estatuko iparraldeko txapelketa irabazi nuen eta estatu osokoan hirugarren postuan geratu nintzen.

 

Aurten txapelketa berean bi brontzezko domina eskuratu ditut kategoria ezberdinetan. WABBA federaziokoa irabazi dut eta horren bitartez heldu naiz nazioarteko txapelketara.

 

Prestaketa fisikoan sartu gabe, zein zailtasun dauka poseak egiteak?

 

Oso teknikoak dira eta asko praktikatu behar dira. Izan ere, detaile txikiek ezberdintasun handiak markatzen dituzte. Irabaztea edo hirugarren izatea, adibidez.

 

Fisikoki zer da ezinbestekoa kirol horretan?

 

Giharren muturreko definizioa eskatzen da. Hau da, giharra ahalik eta gehien egon behar da azalera itsatsita, eta lehor. Giharren mozketak sakonak izan behar dira eta horrek suposatzen du lana, sakrifizioa eta etengabe entrenatzea. Eta jakina, dieta egitea.

 

Gutxienez egunero bi ordu entrenatu behar duzu pisuak altxatzen eta abar, eta hori aintzat hartu gabe “kardio” ariketak; korrika egitea pisua galtzeko, adibidez.

 

Dietari dagokionez, ezin duzu kale egin ezta otordu batean. Nire dieta arrunta da, oinarrizko elikagaiekin, baina txapelketak hurbiltzen direnean gutxiago jaten dut, bolumena irabazteko garaiekin alderatuta batez ere.

 

Bolumena handitzeko garaian gehiago jaten da kaloriak soberan izateko eta gihar berria sortzeko. Gero definitu behar da eta horretarako ahalik eta koipe gehien galdu behar da, baina giharra kendu gabe.

 

Hortaz, gose zara eta nekatuta zaude. Okerrago lo egiten duzu eta nekea metatzen joaten da. Urteen poderioz, badakizu hori txapelketara lotuta dagoela.

"Nire ohiko eta txapelketako pisuaren artean 18 kiloko ezberdintasuna dago"

 

Nola hasi zinen kirol hau egiten?

 

Beti izan naiz kirolaria. Futbolean eta areto futbolean jokatzen nuen eta gero lagun batekin probatu nuen. Ohitura hartu nuen eta geroz eta hobeto ikusten nuen nire burua.

 

Hobetzeko gogoak nituen eta 2015ean hasi nintzen serio hartzen, dieta egiten eta ariketak betetzen.

 

Zer eman dizu kirolak?

 

Gehien betetzen nauena ezagutu dudan jendea da. Giroa oso ona da. Kirol guztietan bezala, badago jendea ez zaituena lagunduko. Baina, oro har, onena da egin ditudan lagunak, eta esperientziak.

 

Backstagean aldatzen dugu arropa eta beroketak egiten ditugunean hitz egiten dugu, argazkiak egiten ditugu eta Facebook eta Instagram bidez harremana daukagu gero. Sare sozialen bidez lehiakideen egunerokotasuna jarraitzeko aukera dut.

 

Adibidez, azken txapelketan Italia, Hungaria eta Frantziako lagunak egin ditut.

 

Kirol sakrifikatua da?

 

Bai, jende askok ez daki zein neurrian. Hasten direnean konturatzen dira horrelako itxura lortzeko dena ondo kontrolatu eta zaindu behar dela eta konstantea izateko beharra dagoela, kale egin gabe. Dena ondo egin arren, hilabete bakarrean dena bidali dezakezu pikutara.

 

Eta atsedenaldirik dago?

 

Orain denboraldia amaitu dela, apur bat gehiago jango dut, gorputzak aurreko pisua berreskuratu dezan. Fisikoa mantenduko dut, baina muturreko definizioa bilatu gabe. Hori ezin da denboran luzatu, ezinezkoa da.

 

Adibidez, nire ohiko eta txapelketako pisuaren artean 18 kiloko ezberdintasuna dago, diuresia egiten dugu ura ahalik eta gehien kentzeko, eta horrela pisu handia galtzen da.

 

Dena oso arautua dago, urte osoko lana da; noiz jan gehiago, noiz definitu... Horretarako prestatzailea daukat. Berari esker heldu naiz honaino eta konfiantza handia eman dit. Asko zor diot.

 

Txapelketetara joaten da nirekin, baina kasualitatez oporrak hartuta zituen munduko txapelketan. Bi hilabetez egon da bere ikasleekin txapelketetan parte hartzen eta atsedenaldia behar zuen. Edonola ere, jarraipena egin dit eta telefonoz argitzen nituen zalantzak berarekin.

 

Mezuren bat duzu kirolari lotuta?

 

Hasi berriei esan nahi diet patxadaz hartzeko. Bi hilabetetan ez da lortzen fisiko onena eta erokeriak eginda, soilik lortuko dute mina hartzea. Ideia ona da dakien norbaiten aholkuak bilatzea hobetzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide