Kubara bidaltzeko xiringak biltzeari ekin diote Laudioko bizilagunek

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko uzt. 19a, 11:42

Kubako iraultza babestu eta blokeoaren amaiera eskatzeko Habanan egindako mobilizazioa. / @cubainformacion

COVID-19ari eta Ameriketako Estatu Batuen blokeoari aurre egiteko 100 xiringa kutxa eramango dituzte Laudioko bi bizilagunek Kubara. Diru bilketa abiatu dute horretarako.

Kubara 10.000 xiringa eramatea da Txetxu Aldaiturriaga eta Alina Sama Valdes laudioarrek harturiko erronka. Familia kontuengatik Karibeko uhartera bidaiatu behar dute aste honetan bertan, eta Kubak bizi duen blokeo egoeraren aurrean, elkartasuna adierazteko baliatu nahi dute aukera. 

Xiringa guzti horiek lortzeko diru bilketa abiatu dute. Xiringak 100 dosiko paketeetan saltzen dira eta maleta bakoitzean 100 kutxa eramateko aukera dute. Horri guztiari fakturazioaren kostuak gehitu behar zaizkio, 100 euro inguru. Horregatik, bakoitzak 11 euro jarrita 110 herrikideren ekarpena beharko dutela kalkulatu dute.

BIZUM aplikazioaren bidez egin daiteke ekarpen ekonomikoa, 645 712 332 telefonoan

Ekarpen horiek jasotzeko telefono zenbaki bat jarri dute eskura. Interesa duen orok 645 712 332 telefonora BIZUM bat bidaltzea besterik ez du. Ekarpenak jasotzeko aukera biharko -uztailak 20- arratsaldeko 17:00ak arte luzatuko dute.

Blokeoa Kuban

1990eko hamarkadan Ameriketako Estatu Batuek "blokeo" bezala ezagutzen den bahimendu komertzial eta finantzarioa ezarri zuten Kubako Errepublikaren gain, azken hau ezegonkortu eta ekonomikoki itotzeko asmoarekin.

Egoera horrek oinarrizko produktuen eta medikamentuen eskasia eragin du COVID-19 kasuek etengabe gora egiten ari diren unean, ala nola txertoak jartzeko xiringak lortzeko ezintasuna. Testuinguru horretan, Kubako gobernuaren aurkako protestak gertatu dira azken astean, eta Miamin ezarrita dagoen Kubako disidentzia politikoak "interbentzio militarra ez baztertzea" eskatu dio Joe Bidenen gobernuari.

Gobernuaren aurkako protestei erantzunez, milaka herritar atera ziren Habanako zein beste hiri eta herrietako kaleetara Kubako iraultza babestu eta blokeoaren amaiera exijitzeko. Nazio Batuen Erakundeak berak ere, duela aste batzuk, legez kanpokotzat jo du uharteak pairatzen duen bahimendua.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide